Lizitatu dituzte Pedro Mugurutzako eskola egon zen eraikina eraisteko lanak

Asier Orbea Ostolaza

Usetxe plazak gaur egun duen itxura. BARRENA

Elgoibarko Udalak lizitaziora atera ditu Pedro Mugurutzako eskolak egon ziren eraikina eraisteko lanak, ia 400.000 euroko aurrekontuarekin.

Usetxe plaza berria eraiki ahal izateko pauso bat gehiago eman du udalak, eraikina eraisteko lanak lizitaziora aterata. 399.496,73 euroko oinarrizko aurrekontua du kontratuak, BEZa barne, eta hiru hilabeteko egikaritze-epea. Interesa duten enpresek azaroaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Ondoren, eskaintzak aztertu eta beharrezko administrazio-izapideak osatuko dira, kontratua urtea amaitu baino lehen formalizatzeko eta obrak 2026ko amaieratik 2027ko hasierara bitartean hasteko, betiere izapidetzea aurreikusitakoaren arabera egiten bada, Udaletik zehaztu dutenez.

Eraikina botatzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren ZAP funtsen bidez finantzatuko dituzte "oso-osorik". Erakundeen arteko lankidetzari esker, eremu estrategiko bat "birsortu", auzoaren ongizatea hobetu eta Elgoibar etorkizuneko beharretarako prestatzen jarraitu daitekeela adierazi dute Udaletik. Gogora ekarri dutenez, jarduera hori eraldaketaren lehen urratsa da, eta bien bitartean, Usetxe Plaza berria izango denaren, eta han sortuko duten kultur ekipamenduaren behin betiko proiektua idazten jarraitzen dute.

Udaletik zehaztu dutenez, garrantzi berezia eman diote lanak egin bitartean herritarrentzako eragozpenak murrizteari. Hori dela eta, baldintza-agiriek berariaz balioesten dituzte ondoko aparkalekuen eta espazioen okupazioa murrizteko proposamenak, garaje, atari eta oinezkoentzako ibilbideetarako sarbideei eusteko proposamenak eta kamioien eta makinen sarrera eta irteera behar bezala antolatzeko proposamenak. "Edozein okupazio ezinbestekoa denera mugatu beharko da, teknikoki justifikatuta egon beharko da eta faseka antolatu beharko da. Aparkalekuei benetan gutxiago eragiten dietela egiaztatzen duten proposamenek balorazio tekniko handiagoa izango dute".

Udaletik jakinarazi dutenez, kontratua esleitu ostean emango dute eraisketa-lanen egutegi zehatza, eta horiek izango dituzten unean uneko eraginak. (ikus lizitazioko oinarriak)

Herritarrek aukeratutako diseinua

Eraisketa lanak amaitu ostean hasiko dituzte Usetxe plaza berritzeko lanak. Hiru arkitektura proiekturen artean gogokoenari botoa emateko aukera eduki zuten herritarrek, joan den ekainean, eta 'Txipi Txapa' izeneko proposamena izan zen bozkatuena. Bozketaren ostean argitu zuten Tabuenca & Leache Arquitectos estudioak aurkeztutako diseinua izan zela. Hortaz, haiek idatziko dute behin-betiko proiektua izango dena, Udalarekin elkarlanean.
Tabuenca & Leache estudioak ibilbide zabala du birgaitze, espazio publiko eta kultur ekipamenduen arloan. Bere lanen artean nabarmentzen dira Iruñeko Kondestablearen Jauregiaren birgaitzea, Salesas komentu zaharraren eraldaketa eta Gasteizko hirigune historikoko irisgarritasuna hobetzeko proiektua; "guztiak ere arkitekturaren, hirigintzaren eta birgaitzearen arloko hainbat sarirekin aitortutako jarduketak".