Udaletik zehaztu dutenez, 665 herritarrek parte hartu duten herri bozketan eta Txipi Txapa izeneko proiektuak jaso du boto gehien, aldearekin. Guztira 280 boto jaso ditu. Beste bi proiektuek antzerako boto kopurua eskuratu dute; 164 boto Kutxa bat, aukera anitz nizeneko diseinuak eta 160 boto jaso ditu Debabegira izenekoak. Baliogabeko boto dezente zenbatu dituzte, hain justu 61 boto.
Astelehenean argituko dute egilearen izena
Jendaurrean egon diren hiru proiektu horiek Usetxe plaza diseinatzeko lehiaketara aurkeztu ziren hemeretzi proiektuetatik hautatu zituen epaimahai tekniko batek, egokienak zirela iritzita, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta.
Bozketa martxan egon den bitartean, baina, herritarrek ez dute jakin proiektu bakoitza nork egina zen. Udaletik aurreratu dutenez, astelehenean emango dute jakitera Txiki Txapa proiektua egin duen arkitektura estudioaren izena.
Eraikina bota eta plaza berritu
Pedro Mugurutza eraikina osorik botatzea erabaki zuen Udalak. Eraikina dagoen Usetxe plaza berritzeaz gainera, egun eraikina erabiltzen duten hainbat kultur elkarterentzat lokalak sortuko dituzte plazaren azpian. Une honetan EME Elgoibarko Musikarien Elkartekoak elkartekoek, Taupada antzerki taldeak, filatelia elkartekoek eta Elgojaiotza elkartekoek erabiltzen dute eraikina. Eraikina bota ostean geratuko den orubean "ibaira irekita" egongo den plaza berri bat eraiki nahi dute.
Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko proiekturako 1,8 milioi euroko dirulaguntza emango du Eusko Jaurlaritzak. Obra guztiarentzako aurrekontua, baina, 2,4 milioi euro ingurukoa izango da.
Ion Zubiaurre Ros hirigintza zinegotziaren berbetan, auzoarentzat proiektu "eraldatzailea! izango da, orain falta zaien espazio zabal bat eskuratuko baitute, "bizilagunentzako topagunea izango dena eta ibaira begira egongo dena gainera". Aurreratu duenez, urte bukaerarako edo hurrengoaren hasierarako eraisketa lanak hastea aurreikusten dute.



