Zornotzako nazioarteko krosean hasi dute kros denboraldia Mintxetako atletek

Asier Orbea Ostolaza

Agirrebeña, Lariz, Agirrebeña eta Hernandez. Mintxeta A.T.

Espezialitateko munduko saltakari onenez inguratuta ekin diote Mintxetako atletek kros denboraldiari, Zornotzan.

Zornotzako Nazioarteko Krosaren 72. edizioa jokatu zuten, atzo, Jauregibarriako zelaietan. Mugertza krosa moduan, World Athletics Cross Country Tour Gold zirkuituko maila gorenean dago Zornotza Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa, eta eliteko antxitxikarien topagunea izan zen. Horien artean lehiatu ziren Mintxeta atletismo taldeko bost kide. Mikel Agirrebeñak lortu zuen sailkapenik onena (57. postua; 30 minutu eta 53 segundo). Iñigo Lariz 68. postuan sailkatu zen (31:33) eta 75. postuan Iker Hernandez (32:15). Igor Torres eta Oihane Agirrebeña ere lehiatu ziren, proba bukatzerik izan ez zuten arren, onenek harrapatu eta itzulia kendu baitzieten.

Egide Ntakarutimana burundiarra eta Likina Amebaw etiopiarra izan ziren azkarrenak 8.700 metroko ibilbidean. Ntakarutimanak 25 minutu eta 19 segundoko denborarekin lortu zuen garaipena gizonezkoen proban, eta Amebawk 28 minutu eta 43 segundoko denborarekin lortu zuen garaipena emakumezkoenean. Etiopiarrak hirugarrengoz irabazi zuen Zornotzako lasterketa.