Izan ere, Jose Inazio Izagirrek, Eñauten aitak, Pyrenaicaren urteko sarietako bat jaso zuen barikuan Arrigorriagako Lonbo aretoan egin zuten galan, hain zuzen Pyrenaica-ko XLIII. Mendi Argazkien Lehiaketako lehen saria jaso zuen, “Betato eta Telera-Partacua udazkenean” irudiagatik. Izagirrek Iratxe Osororen eskutik jaso zuen saria, Pyrenaicako erredakzio-taldeko kidea baita elgoibartarra.
Galaren baitan urtero banatzen dituzte Pyrenaica aldizkariaren sariak, baina aurtengoa bereziki esanguratsua izan da EMFrentzat, ehun urte bete baitu Euskal Mendizale Federazioaren agerkaria den Pyrenaicak (ikus hemen mendeurrenari eskainitako aldizkariko zenbaki berezia).
Urteko jarduera onenaren Saria Eñaut Izagirrerentzat
Euskal Mendizale Federazioak mendizaletasunaren esparruan nabarmendu diren ibilbideak, jarduerak eta ekarpenak aitortu zituen Euskal Mendizaletasunaren XXX. Galan. Zazpi lagunek jaso zuten aitortza, tartean Eñaut Izagirrek, hain justu ere Jarduerarik Interesgarrienaren Antxon Bandres saria eman zioten geografo eta glaziologo elgoibartarrari. Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik jaso du saria, eta aintzatespen horren bidez, sari emaleek glaziarren bilakaera eta etorkizuna aztertzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, baita mendi federazioek ingurune horiek ezagutzeko eta kontserbatzeko duten konpromisoa indartu ere. "Alde horretatik, Izagirreren lanak ingurune horietan gertatzen ari diren eraldaketak ulertzen eta mendizaleak haiek babestearen garrantziaz jabetzen laguntzen du".
Eñaut Izagirrek espedizio eta ikerketa ugaritan parte hartu du, bereziki Darwin mendikatean. EHUn Geografiako irakasle gisa egiten duen lana doktoregoarekin uztartzen du, "eta hainbat sari eta aitortza jaso ditu alpinismoaren, esplorazioaren eta glaziologiaren esparruetan".
- SARITUAK: Euskal Mendizaletasunaren 30. Galako saritu guztiak EMFren weborrian



