Umeentzako jolas gune berri bat eraikitzen ari dira Urazandiko parkean

Asier Orbea Ostolaza

Jolasgune berria egiteko lanak, atzo BARRENA

Lehendik daudenez gainera, jolasgune berri bat edukiko dute umeek Urazandiko parkean.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Danobatekgroupek egin duen 20.000 euroko diru ekarpenari esker eraikiko dute haurrentzat egokitutako gune berria. Paisajismo, lorezaintza eta ingurumen zerbitzuetan espezializatutako Kimubat enpresak eraikiko du gunea, eta 48.274 euroko aurrekontua izango dute. Asteon hasi dituzte lanak eta hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute.

Lehenagotik parkean dauden jolas guneak osatuko ditu gune berriak. Herri Eskolako Haur Hezkuntzako eraikina (Txanpiñoia moduan da ezaguna) dago Urazandiko parkean, eta honek bi jolas gune dauzka aire librean, eta beste bat eraikinaren arkupeetan. Jolasgune berria parkearen iparraldean eraikitzen ari dira,  Urazandin gora egiteko eskailera mekanikoak dauden inguruan. Udaletik aurreratu dutenez, kolore marroi eta berdeko materialak izango ditu, "ingurune naturalarekin bat egiteko eta haurrei jolasteko gune seguru, erakargarri eta kalitatezkoa eskaintzeko". Ildo beretik, jolas gune berriaren diseinuak haurren jolasa eta garapena erdigunean jartzen dituela azpimarratu dute, "espazio irisgarria eta atsegina sortuz".

Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkio Danobat kooperatibari, erakutsi dituen "inplikazioagatik eta konpromisoagatik". Elkarlanaren harira, udal arduradunek azpimarratu dute herriko eragileek batera lan eginda posible dela herritar guztientzako espazio hobeak sortzea. 

Urazandiko parkean dauden jolasgunean osatuko ditu gune berriak. BARRENA