Urazandiko mendi magala egonkortzeko lanen lehen fasean hamasei metroko 58 pilote sartu zituzten. Pilotez osatutako lehen pantaila hark etxebizitzen eta auzoko errepidearen inguruko eremua egonkortu zuen. Udaletik adierazi dutenez, egin dituzten egiaztapen teknikoek lanen fase honetarako aurreikusten zituzten emaitzak eman dituzte.
Orain, egonkortze-lanon bigarren zatian, 21 metroko sakonera duten 39 pilote jarriko dituzte. Atzo sartu zuten bigarren fase honetako lehen pilotea. Lurrean zuloa egin ostean, hormigoiaz betetzen dute, eta amaieran altzairuzko armadura-kaiola bat sartu hormigoiz beteriko zuloetan.
Sortuko duten bigarren pilote pantaila honek, mendi-hegal osoaren egonkortasuna bermatzeko irtenbide tekniko osagarria osatzen duela zehaztu dute Udaletik, lehenengo egonkortze-fasearen ondorioz ezarritako neurriekin batera.
Arduradunek esandakoaren arabera, lanak aurreikusitako egutegiaren barruan doaz eta, gaineratu dute ezarritako epe guztiak betetzen ari direla.
Udaltzainen presentzia handiagoa
Lanen segurtasunari dagokionez, Elgoibarko Udalak jakinarazi du obrak irauten duen bitartean udaltzainen presentzia indartuko dutela eremuan. Udaltzaingoak koordinatuta lan egingo du obra-taldeekin, bizilagunei eta inguruan mugitzen diren pertsonei ahal den segurtasun handiena bermatzeko, bereziki ibilgailuen eta oinezkoen trafikoak bat egiten duten guneetan. Elgoibarko Udalak eskerrak eman dizkie Urazandiko bizilagunei, "erakusten ari diren ulermenagatik eta pazientziagatik".
Bizilagunen harretarako pertsona bat
Herritarrei gogoratu diete bizilagunen harretarako pertsona bat dagoela izendatuta, haien zalantzak, intzidentziak edo kezkak zuzenean jasotzeko. Harremanetan jarri ahal izango da 663 035 484 telefonora deituz edo a.esnaola@ urdinberri.com helbide elektronikoaren bidez.
