Joan den uztailaren 3an hasi zituzten Errezabal adinekoen egoitza eraikiko duten ingurua egonkortzeko obra osagarriak, eta aurreikusitako bi hilabeteetan gauzatu dituzte. Inguruaren azterketa geologikoa egin eta gero, adituek eremua egonkortzeko beharraz ohartarazi zuten eta halaxe adierazi zieten auzoko bizilagunei ere haiekin egin zuten bileran. Mendi magalari eusteko pilote segidaz osatutako bi pantaila osagarri eraikitzea erabaki zuten: lehenengo pantailak etxebizitzen eta bidearen inguruko eremua egonkortu du. Adituek ohartarazi zuten Errezabal egoitza eraiki gabe ere beharrezkoa zela gainaldeko mendi magala egonkortzea, lur mugimenduak eta pitzadurak atzeman baitzituzten. Piloteak jarri bitartean obra eremua lurrez beteta egonkortu zuten mendi magala, behin-behinean. Egoitzako obrei berriro ekiteko lur hori guztia berriro atera beharko dute, eta egiaztatu ia piloteek euskarri lanak behar bezela egiten ari diren.
58 pilote elkarren segidan
Uztailaren 21ean sartu zuten lehen pilotea, makina zulagailu berezi bat erabilita. Lurrean zuloa egin ostean, hormigoiaz betetzen zuten, eta amaieran 40 bat zentimetroko diametroako altzairuzko armadura-kaiola bat sartu hormigoiz beteriko zuloetan. Guztira era horretako 58 pilote sartu dituzte lurzoruan, hamasei bat metroko sakonerara arte. Pisu guztia geruza sakon eta gogorragoetara transmititzeko erabiltzen den zimentazio sakoneko teknika bat da piloteen hau. Piloteak sartu dituzten
Zirkulazioa lehen moduan
Aurreko astean bukatu zituzten lanok eta piloteak sartu dituzten eremua lurrez eta hormigoiz estali ostean, zabaldu dute itxita egon den errepide zatia trafikoarentzat. Hala, zirkulazioa bere ohiko egoerara itzuli da. Atzo hasi zituzten errepideko seinaleak eta aparkalekuenak margotzeko lanak eta gaur ere lan horretan arituko dira.
Piloteak dauden errepide zatiko zorua hormigoizko akaberarekin lagako dute aldi batean, eta behin betiko asfaltatzea ondorengo fase batean egingo dutela jakinarazi dute Udaletik. "Plangintza horri esker, Errezabalen obrekin lotutako ibilgailu astunen joan-etorriak ez du zoladura berria hondatuko, eta bermatzen du behin betiko akabera baldintza onenetan kontserbatu ahal denean egingo dela", adierazi dute.
Aparkalekuak
Aparkalekuei dagokionez, Herri Eskolako jolaslekuan ipini zuten behin-behineko aparkalekua domeka gauera arte egon zen irekita, biharamunean hasten baitzuten ikasturtea. Auzoko gainerako aparkalekuak, margoketa lanekin batera, atzo eta gaur margotuko dituzte, eta urreikusten dutenez, gaurtik aurrera erabiltzeko moduan egongo dira. Udaletik gogora ekarri dute DMPko aparkalekua ere erabiltzeko moduan dagoela.