Azaroko lehenengo astebururako prestatu dute aurtengo festa. Azaroaren 6an hasiko dira ekitaldiak, Kuttune taldearen kontzertuarekin. 23:00etan izango da, Maalako parkean. Nerea Quincoces Ochoa perkusionista eta abeslariak sortu zuen taldeak folk doinuak lantzen ditu, eta hamar musikariz osatua dago.
Egun handia, zapatuan
Egun handia, azaroaren 7an iritsiko da, eta ordurako, goizetik goizaldera arteko egitaraua ondu dute. 13:00etan Piratak kale ikuskizun ibiltaria egingo dute Goloka taldekoek kalean zehar. Goloka kale-antzerkian eta animazioan profesionalki aritzen den taldea da. 1983. urtean sortu zuten Bilbon, arte plastikoetan aritzen ziren hainbat lagunek, antzerkia modu ezberdinean egiteko gogoz, publiko guztientzat.
18:00etatik aurrera, Patxangoi Elgoibarko elektrotxarangak hartuko ditu kaleak, eta pare bat orduz jardungo dute kaleak girotzen.
Gauerako, bi kontzertu iragarri dituzte: batetik, Marbellako Puya taldeak rock estiloko doinuak joko ditu Maalan 20:00etatik aurrera; eta 23:00etan Willson & Willsonetis taldeak Fito&Fitipaldis talde ezagunaren omenezko kontzertua emango du.