Carrerari Urteko Ingeniaria Saria eman diote, "gizartearen aurrerapenean eta profesioaren sustapenean ekarpen esanguratsua" egiteagatik, epaimahaikideen berbetan. Sektoreko hamabi adituk osatu dute epaimahaia (ikus hemen epaimahaikideak).
Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian, eta beste bi sari ere banatu zituzten. Talentu Emergentea izenekoa Ixone Angulo Vaquerok jaso zuen. Angulo industria-ingeniari elektrikoa da Suitzan kokatua dagoen CERNen (Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundea), partikulen fisikako munduko laborategirik handiena.
Hirugarren sariak aitortza egin zion Ingeniaritzako Proiektu Onenari eta PepsiCo enpresari eman zioten, Iñaki Ochoa de Aspuruk gidatzen duen PepsiCo enpresaren Etxabarri-Ibiñako instalazioaren elektrifikazioa eta deskarbonizazioa proiektuagatik. Etxabarri-Ibiñan duten egoitzako zuzendaria da Ochoa de Aspuru, eta hark jaso zuen saria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzaren Kontseilua Euskadiko Industria Ingeniaritzaren hiru Elkargo Ofizialek osatzen dute (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Aurten 25. urteurrena ospatzen ari da kontseilua, eta horren baitan erabaki dute sariok banatzea, "industria-ingeniaritzaren talentua, konpromisoa eta ekarpena balioan jartzeko eta aitortzeko".
AVS, bilakaera handiko enpresa
AVS enpresa hiru ingeniarik sortu zuten 2006an; Jon Osoro eta Ricardo Diego elgoibartarrek eta enpresako zuzendari nagusia den Miguel Anguel Carrera gasteiztarrak.
Zientziaren industriarako eta erreminta makinaren sektorerako ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen zituzten hasieran. Gero, 2009an, AVSri lotutako Scintifica Internacional enpresa sortu zuten, partikulen-detektagailuak garatzeko eta saltzeko. Gipuzkoako merkataritza ganbararen saria jaso zuten 2014an, Industriako enpresa, txiki eta ertainen kategorian. 2026an Gipuzkoako Enpresa Berriaren Adegi Saria ere eskuratu zuen. Hurrengo urteetan bilakaera handia izan zuen enpresak, eta asko hazi zen. 38 behargin zituen 2014an eta egun 240 bat lagunek lan egiten dute lan beren egoitza eta bulego guztietan: Miñanon, Zamudion, Madrilen, Tenerifen eta nazioartean (Erresuma Batua, Frantzia eta AEB).
Gaur egun, enpresak ikerketa zientifikorako eta industria aurreraturako konponbide teknologikoak eta ekipamenduak garatzen eta hornitzen ditu, eta erreferentea da nazioartean, besteak beste, NASA edo Europako Espazio Agentzia (ESA) bezalako erakundeekin lanean diharduelako; adibidez, Martera bidalitako misioetan parte hartuz, Perseverance ibilgailurako piezak diseinatuz eta sortuz. Ildo beretik, enpresak mugarri historikoa lortu du euskal industria aeroespazialean, euren teknologia puntako nazioarteko misioetan txertatzeaz gain, LUR-1 satelitea (Euskadin osorik diseinatu eta garatutako lehena) espazioratzea lortu baitu.
