1976ko urrian ekin zion ibilbideari Arreiturre Institutuak, Enrike Larrañaga zuzendari zela. 77 ikasle izan zituen lehenengo ikasturte hartan, eta erreferente izan zen, bereziki, euskarazko hezkuntzan. 50 urte pasatu dira ordutik, eta gaur 700 ikasletik gora ditu zentroak.
50. urteurreneko ospakizun ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan zen. Markel Labrador ikasle ohiak egin zituen aurkezle lanak. Urteurrena jasotzen duen bideoa proiektatu zuten lehendabizi, irakasle, ikasle eta gurasoen testigantzekin. Ondoren etorri ziren aitortzak: Pili Beceiro eta Agurtzane Bastida izan ziren oholtzara igotzen lehenengoak, eta lore-sorta bana jaso zuten hainbeste urteetako lanagatik. Ondoren, urteurreneko kanta abestu zuten: Uxue Alberdik jarri dio letra kantuari, eta Elaia Etxaniz eta Maialen Arriolak sortu dute musika. Mariñe Sotilek kantatu zuen, Patxi Zabaleta, Jesus Jimenez eta Jon Gurrutxagarekin batera. (entzun hemen kanta)
Ekitaldiko unerik hunkigarriena iritsi zen ondoren, Iñasio Garmendia gogora ekarri zutenean. Iñasiok euskarari, kulturari, hezkuntzari eta kirolari eginiko ekarpena nabarmendu zuten. Aitzol eta Ane seme-alabak igo ziren oholtzara, eta gogoratu zuten aita begira izango zela une hartan, zegoen lekutik. Andres Alberdik ere eskaini zizkion sentimenduz beteriko hitzak lankide eta lagun izan zuenari.
Azkenik, Guraso Elkarteko Noemi Otegi; Jone Agirregomezkorta institutuko zuzendaria eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak ere hartu zuten hitza. Esker oneko hitzak izan zituzten guztiek, eta atzera begirakoari errepasoa eginda, aurrera begirako erronketan jarri zuten begia. Beste 50 urte betetzeko ilusioz egingo dute aurrera.