CD Elgoibarren txosna eta sagarrekin esperimentatzeko tailerra, hileko azken zapatuko ferian

Asier Orbea Ostolaza

Aita Agirre plazan ipiniko dute txosna, Kalebarreneko obrak direla-eta.

Hileko azken zapatuko feria egingo dute urriaren 31n, Udalak eta Debemenek antolatuta. Ohi bezala, Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izango da goizean goizetik, eta Artalde artisau taldekoek ere jarriko dituzte postuak, eskuz egindako produktuak saltzeko.

 9:00etan hasiko da azoka, Aita Agirre plazan, bertako baserrietako produktuak saltzeko jarriko dituzten saltokiak irekitzearekin batera. Aurrekoez gain, bidezko merkataritzako salmenta postua ere jarriko dute azokan.

C.D. Elgoibar kirol klubak kuadeatuko du Aita Agirre plazan jarriko duten txosna, baina Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin eginiko pintxoak saltzeaz gainera, beste hainbat gauzatarako baliatuko dute aukera. 11:00etatik aurrera dastatu ahal izango dira futbol taldekoek prestatutako jakiak eta edariak: salda, sahietsa, txorizo egosia eta beste hainbat janari eta edari. Gainera, bertoko produktuekin osatutako otar bat zozkatuko dute. Gabonetan egiten duten errifako txartelak ere salduko dituzte. Azkenik, klubeko bazkideek denboraldi berrirako txartelak eskuratzeko aukera ere izango dute.

Sagarrekin esperimentatzeko tailerra

Hilero moduan, landa eremua umeei gerturatzeko ikastaroa ere egingo dute azokan. Antolatzaileen berbetan, tailer horien helburua da txikienek garaiko produktuak, bertako animaliak eta baserrietako kultura ezagutzea. Oraingoan, sagarrekin esperimentatzeko  tailerra eskainiko dute, Aita Agirre plazan, 12:00etatik 14:00etara.