Juanan Martin txapeldunorde mendi lasterketen Euskal Herriko Kopan, beteranoetan

Asier Orbea Ostolaza

Balmasedan bukatu zuten, domekan, mendi lasterketen Euskal Herriko Kopa, lineako proben modalitatean. Zortzi probek osatu dute aurtengo Kopa, tartean Mendaroko Kilimon Trail lasterketak, eta azken podiumetako batera igo da Juanan Martin Leiva saltakari elgoibartarra.

Lineako kategorian titulua lortu nahi zuten mendi-lasterkariek gutxienez bost proba jokatu behar ziituzten, eta Morkaiko taldeko ordezkaria Euskal Herriko Kopako sei probatan lehiatu zen, eta erregularrenetarikoa izan da Master A (40-47 urte) kategorian. Martinek 501 puntu batu zituen sei probatan (Kolazino, Kilimon Trail, Kanpezu, Lakuntza, Sorginen Lasterketa eta Kolitza Balmatrail). Emaitzarik onena Kilimon Trailen lortu zuen, bere mailako azkarrena izan baitzen Mendaroko mendietan jokatutako proban. Beste proba batzuetan bigarren eta hirugarren postuak ere lortu ditu. Portugaleteko Julen Aguado (Ganerantz M.T.) gailendu da Master A kategorian, 529 punturekin. 

Zubeldia eta Legorburu txapeldun

2026ko Euskal Herriko Kopako sailkapen nagusiari dagokionez, zortzi probetako emaitzak batuta, Eider Zubeldia amezketarra eta Iraitz Legorburu getariarra izan dira onenak. Azken hori gailendu zen aurtengo Kilimon Trailen ere.

Promesa kategorian Unai Romano izan da txapeldun; kadeteetan, Amaiur Etxeandia eta Peru Luengo gailendu dira; gazteetan, Norah Muzas eta Xabier Arranz; juniorretan, Kimetz Aranburu, eta beteranoetan, azkenik, Jone Urkizu, Julen Aguado (Master A) eta David Roman (Master B-C). 

Euskal Herriko Kopako kategoria guztietako garaileak Balmasedan. EMF

Juanan Martin Master A kategoriako podiumeko bigarren postuan. Lagatakoa

Juanan Martin Kolitza Balmatrail probako une batean. Lagatakoa.