Hamazortzi urtean argazkiak ateratzen ibili ostean, Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak dagoeneko prest du Txiki Egunari buruzko argazki-liburua. Lana egina eta maketatua duen arren, liburua gauzatu eta kaleratu ahal izateko babesle bat behar du.
Bien bitartean, erakusketa txiki bat antolatzea erabaki du, eta herritarren eskura jarri liburuan leku faltagatik sartu ezin izan dituen irudiak. "Libururako 90 bat argazki aukeratu ditut, eta han lekurik ez duten 1.200 aukeratu ditut herritarrekin dudan zorra kitatzeko, noizbait argitaratuko nituela edo erakutsiko nizkiela esaten bainien beti".
Argazkiak ikusi eta jaisteko aukera
1.200 argazkiz osatutako bilduma hori ikusi eta jaisteko aukera dago QR kode baten bidez.
Hemen ARGAZKI-BILDUMARAKO sarbidea
Erakusketa, hilabetez
QRaz gainera, “Agindutako 1.000 erretratuak” erakusketa abenduaren 6ra arte egongo da ikusgai Pilon hanburgeserian. Hogei poster jarri ditu, bakoitza argazkiak ateratzen ibili den urte bakoitzeko argazki sortarekin osatua. Bi poster berezi ere prestatu ditu, orokorra bata eta Txiki Eguneko arima den Mauxitxa txarangari eskainia bestea.
Mauxitxari haiek ageri diren 200 argazki oparitzeko asmoa ere badu.
Mauxitxa txarangakoak ere agertu dira inauguraziora ezustean. Arrillaga hunkitu egin da txaranga kalean behera zetorrela entzun duenean, baina ez du askorik behar izan dantzan hasteko. Egin du saiakera txiki bat ingurukoak dantzara animatzeko, baina gaur ez zegoen Txiki Eguneko aldarterik, eta bakarrik jarraitu du dantzan, pozik.