Mendi Filmeko iazko film sarituak emango dituzte barikuan Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza

Bilbao Mendi Film Festivaleko iazko edizioko alpinismoko eta eskaladako film onenen emanaldiarekin hasiko da, bariku honetan (azaroak 6), Morkaikok antolatzen duen Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa (UMEZ2026).

Elgoibarko Herriko Antzokian izango da emanaldia, 21:00etan hasita, eta bost film labur emango dituzte antzokiko pantaila handian. Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira leihatilan, 5 euroan. 

  • ALDABIDE | EH-Espainia | Jon Mendizabal | 12’
  • DEAR SUPERHERO | Zeelanda Berria | Corinna Halloran | 14’
  • EPHEMERAL | USA | Josiah Jones| 32’
  • CANTOS Y FLORES | USA | Julen Elorza | 27’
  • IZARREN ZAUNKA | EH-Espainia | Nagore Eceiza Mujika | 18’


ALDABIDE 2025, Espainia, 12min
Zuzendaria: Jon Mendizabal Roa
Oskar Etxebarria (ADES) eta Carlos Arranz (Takomano) espeleologoak Itxina mendigunearen barrunbeetan murgilduko dira, Gorbeiako bihotzean. Lurrazpian ezkutaturiko mundu bat da, barrutik hutsa, eta sarbidea ur putzu estu batean duena. Zerk erakartzen ditu haitzuloetako urpekari hauek bertara? Haien grina, obsesioa eta naturarekiko duten sentimendu sakona ezagutuko ditugu. 

DEAR SUPERHERO 2025, Zeelanda Berria, 14min
Zuzendaria: Corinna Halloran
Mendi Film jaialdiaren Sail Ofizialean zein Mendi Tour zirkuitu ibiltarian oihartzun handia izaten ari den lana da honakoa. Janina Kuzma eskiatzaile profesionalak haurdun geratzeko arazoak izan zituen ia bi urtez. 2024 hasieran iritsi zen haurdunaldi test positiboa, eta harekin batera galdera berriak ere sortu zitzaizkion: nola alda zezakeen haurdunaldiak mendiarekiko bere lotura? Mendiko gidari lana galduko luke? Atleta profesionala zenez, epaitua izan zitekeen? Ba, prezeski mendian aurkitu zuen bakeak lagundu zion beldur horiei aurre egiten. Bi atleta profesional, Leanne Pelosi snowboarderra eta Evelina Nilsson eskiatzailea, lagun zituela, Zeelanda Berriko Hegoaldeko Alpeetara jo zuen eskiatzera, eta han amatasunaren super-botereak deskubritu zituen. (ikusi aurrerapen-bideoa)

EPHEMERAL 2024, EEBB, 32min
Zuzendaria: Josiah Jones
Izotz-eskaladako denboraldia urtetik urtera laburtzen ari dela jabetuta, izotzean eta mixtoan eskalatzen aditua den Jeff Mercierrek, Islandiako paisaia glazial itzeletara jotzea erabakiko du. Etengabe aldatzen ari den ingurunean eta kontu handiz ibili beharreko eremuan murgilduz, Jeffek bere mugak bezala, izotz eskaladarenak ere urratu nahi ditu.

CANTOS Y FLORES (2025, 27min)

Zuzendaria: Julen Elorza. 
Anaia hil eta zazpi urtera, harekin burutu asmo zuen amets bati eutsiko dio Karina Carsoliok: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendi ikonikoak igo eta jaistea ahalik eta lasterren, FKTak (ezagutzen den denborarik azkarrena) ezartzen saiatuz. Hillary Gerardi mendi korrikalari zaildua izango du bidaide. Kirol erronkaz batera, Karinak mina kanporatuko du, zauriak ixteko abagunea aurkituko du, eta espiritualki bere buruarekin eta Naturarekin bat egingo du. Lan honek Kirol eta Abentura Film Onenaren saria eskuratu zuen iaz BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia festibalean. 

IZARREN ZAUNKA. (2025, 18min)

Zuzendaria: Nagore Eceiza Mujika 
Bi lagun Larraitzen daude, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian sortu berri duen bide bat eskalatzeko asmoz. Mikelek berak, bide berria izendatzeko inspirazioa aurkitu nahi du tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, berriz, bere min kronikoetatik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du. Eitb Euskarazko Film Onenaren saria eskuratu zuen.

Elgoibarren emango dituzten bost film laburrak iragartzeko kartelak: