Ostiralean hasiko dituzte Aizu! Astearen barruan antolatu dituzten ekitaldiak, Kuttune taldeak Maalan emango duen kontzertuarekin. Nerea Quincoces Ochoa perkusionista eta abeslariak sortu zuen Kuttune taldea, eta hamar musikariz osatua dago. Fusio musika egiten du taldeak, hemengo herri musika eta beste folkloreekiko anaitasun kulturala elkartuz, batez ere Afrika mendebaldeko, Ekialde Ertaineko eta Latinoamerikako musika erakutsiz. 23:00etan hasiko da Maalako parkean emango duten kontzertua.
Zapatuko ekintzak
Zapaturako, bestalde, goizetik goizaldera arteko egitaraua prestatu dute. 13:00etan, Piratak kale ikuskizun ibiltaria egingo dute Goloka taldekoek kalean zehar. Kale-antzerkian eta animazioan profesionalki aritzen den taldea da Goloka. 1983. urtean sortu zuten, Bilbon, arte plastikoetan aritzen ziren hainbat lagunek, antzerkia beste modu batean egiteko gogoz, publiko guztientzat. Piratak ikuskizunean lau piratek kalejiran zeharkatuko dituzte herriko kaleak, 3 metroko garaiera duen bikote batek, zangaluze bate eta piraten kapitainak. Itsasontzi piratan altxorraren bila abiatuko dira kalez kale. "Zer aurkituko dute bidean? Lortuko dute altxorraren mapa? Aurkituko dute altxorra edo itsasoko munstroren bat ontzia ondoratuko du?".
Musika emanaldiak, zapatu artatsalderako
Arratsaldean, musikak hartuko ditu herriko kaleak, 18:00etan, Patxangoi Elgoibarko elektrotxarangaren kalejirarekin.
Gauerako, azkenik, bi kontzertu iragarri dituzte: batetik, Marbellako Puya taldeak rock estiloko doinuak joko ditu Maalan, 20:00etan hasita; eta 23:00etan, Willson & Willsonetis taldeak Fito&Fitipaldis talde ezagunaren omenezko kontzertua emango du.
Herriko ostalaritza sustatzeko helburuarekin sortu zuten Aizu! elkartea, eta orain dela urte batzuk hasi ziren Aizu! Astea antolatzen. Horren barruan era askotako ekintzak antolatu izan dituzte aurreko urteetan, besteak beste, Aste gastronomiko mikologikoa, DJ asteburuak, gastro-rock ekimenak... Eta aurten ere, ez dute hutsik egingo.
