Elosu eta Pol-Pol batuko dituen mendi irteera, domekan

Asier Orbea Ostolaza

Keixetako tumulua. Argazkia: ©Iñigo Txintxurreta

Morkaiko Mendizale Elkarteak familian egiteko irteera antolatu du domekarako, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan.

Ikasturteko bigarrena izango da kostaldera egin zuten aurrenekoaren ostean. Oraingoan, Karakate-Irimo mendilerroan dagoen Pol-Pol (771 m) gailurrera egingo dute irteera, azaroaren 15ean. "Udazkenean sartu gara eta pago basoak kolore ederrez dotoretuta daude. Garaia egokia Irukurutzeta-Elosu aldean mendi buelta bat egiteko", azaldu dute antolatzaileek.

Domekan Mintxetako aparkalekuan batuko dira 09:30ean eta autoz egingo dute Bergara eta Azkoitia artean dagoen Elosu auzora arteko bidea. Handik, oinez Elosumendi gainera igoko dira. Behin gaina hartzen dutenean, pago artean dagoen bide eder bat jarraituz, Kexeta-Goiegia mendiaren oinetan dagoen Pol-Pol gailurreraino joango dira. Bergarako Pol-Pol Mendi Elkarteak Pol-Pol muino eta izen bereko iturritik hartu zuen izena 1942an.

Bidean dolmen eta ondare megalitiko ugarirekin egingo dute topo, horien artean Keixetako tumulua. Hari merezi duen bisita egiteko geldialdia egingo dute. Polpoleko iturrian indarrak berritu ostean, Elosura itzuliko dira berriro, bazkal ordurako Elgoibarrera itzultzeko. Dena dala, nahi duenak egun pasa egiteko aukera ere izango du. 

  • Ibilbidearen luzera: 10 kilometro
  • Desnibela: +/- 400m
  • Irteera ordua: 9:30ean Mintxetako aparkalekutik.

Pol-Pol iturria.