Iñigo Larizek eta Miren Bastidak irabazi dute Karakateko Igoera

Ainara Argoitia Arano

Iñigo Lariz elgoibartarra izan da gaur Karakateko gaina ukitzen lehenengoa, 0.29.18ko denbora eginda. Bigarren, Iñaki Goenaga Aristi sailkatu da (0.29.29) eta hirugarren Julen Aranguena (0.30.23). Emakumezkoetan, Miren Bastida azpeitiarra izan da azkarrena (0.36.08). 

Lehenengo emakumezko elgoibartarra Lore Bereziartua izan da (0.41.30) eta gizonezkoetan sari hori Jorge Gonzalezi eman diote (0.32:08). Aurpegi onenaren saria, berriz, Vanesa Orozkok jaso du (0.51:46), eta irabazlearen denbora halako bi egitetik gertuen gelditu dena eta ondorioz saria izan duena Mikel Jose Egizabal izan da (0.54.58). Sailkapen orokorra eta material grafiko guztia eskuratu ahala osatuko dugu albistea.

Aitzakiarik gabeko goiza egin die korrikalariei Karakateko Igoerarako. Lurra bustia izan dute, baina giro, bestela, korrikarako. Ikustera joan direnentzat ere aukera-aukerako eguraldia egin du, ateri eutsi baitio goizak. Eta komeni, gainera, ohi legez, ikusmin handia sortu baitu Morkaiko mendizale elkarteak antolatutako herri lasterketak. San Bartolome parrokiako erlojuak 11:00ak jo dituenean abiatu dira korrikalariak gorantz, 97 lagun, ahalegin betean (96k bukatu dute proba).

Lau bat kilometroko bidea eta 700 bat metroko desnibel positiboa; Horixe nork azkarrago gainditu beharreko erronka. 32. aldia izan du gaurkoak, eta horrenbeste urtean ondo ikasia dute kirolariek Kalegoen plazatik Karakate gainerako bidea; ondo neurtua zein den bide azkarrena, baina nork bere gustukuena aukera dezake, horixe baitu beste ezaugarritzat bat lasterketa honek: azkeneko urteetan gehientsuenek bide berbera aukeratzen badute ere, ibilbidea ez dagoela markatuta eta norberak aukera dezakeela nondik jo gora.

Iñigo Lariz, tontorrera bidean.

Miren Bastida, tontorrera iristear.

Hona irteerako momentua, Morkaikoko boluntarioek bidalitako materialarekin osatua.