Karakaten zazpigarren txapela irabazita, Larizek Susoren garaipen marka berdindu du

Asier Orbea Ostolaza

Iñigo Lariz Azkuek 2007an irabazi zuen estreinakoz Karakateko igoera, eta ia hogei urtera eskuratu du zazpigarren txapela, gaur, Karakateko Igoeraren 32. aldian. Era honetan, 90ko hamarkadan eta mende hasieran igoerako dominatzaile nagusia izan zen José María Fernandez "Suso"k lortutako garaipen kopurua berdintzea lortu du Larizek. (Probaren laburpena eta irabazleen adierazpenak bideoan)

Susok zazpi alditan irabazi zuen Karakateko Igoera: 1994, 1996, 1998, 1999, 2000, 2002 eta 2003. urteetan jokatutakoak.
 
Iñigo Larizek, esan moduan, 2007an lortu zuen estreinako txapela, hain justu parte hartu zuen aurreneko aldian. 24 urte zituen orduan eta txirrindularitzan ibilbidea amaitzetik zetorren. Mendi lasterketetan izan duen ibilbide oparoaren hasiera izan zen. Urte hartan Mikel Albeniz izan zen txapeldunorde eta Suso sailkatu zen hirugarren postuan. 

Urte batzuk igaro ziren Larizen bigarren garaipenera arte, lehenengotik bost urtera irabazi baitzuen lasterketa bigarrengoz, 2012an. Garaipen haren ostean, errenkadan irabazi zituen beste hiru; lau garaipen guztira, bata bestearen atzetik (2012tik 2015era).

Iban Muruak irabazi zituen hurrengo biak, jarraian, eta gainera probaren errekorra ezarri zuen 2017ko edizioan (26 minutu eta 17 segundo). Larizek 2018ko igoeran lortu zuen igoera seigarrengoz irabaztea. Harrezgero, behin baino gehiagotan txapeldunorde izan den arren, garaipena lortu ezinda zebilen.

Beste helburu batzuk

Aurtengo igoerara "aspaldiko partez" nahiko lasai etorri dela adierazi du irabazleak probaren amaieran, orain artekoak ez moduan bereziki prestatu gabe etorri dela aitortu baitu. "Beste urte batzuetan buru-belarri aritu naiz Karakate prestatzen, baina aurten beste helburu batzuk jarri dizkiot neure buruari, eta Mugertza krosa korritzea da horietako bat. Gainera, aurreko zapatuan Behobia Donostian ere hartu nuen parte. Hortaz, ez nuen uste lehiakor izateko moduan nengoenik, sasoian nagoen arren. Nire lasterketa egitera irten naiz, lasai-lasai, eta ezustekoa hartu dut Agarre baserri parean aurretik hiru lagun bakarrik nituela ikusi dudanean. Hortik aurrera hasten da nire lasterketa, eta aurkariak gaindituz joan nahiz, harik eta azken pagadian Iñaki Goenaga harrapatu dudan arte. Indarrez juxtu antzera zihoala konturatu naizenean, nire kartak jokatu ditut, eta erritmo aldaketa eginda atzean lagatzea lortu dut", azaldu du. 

3,39 kilometro

Larizek 29 minutu eta 19 segundoan osatu du Kalegoen plazako frontoirik gailurrean dagoen puntu geodesikoa ikutzera arteko igoera. 3.390 metroko distantzia atera zaizkio berak egin duen bidetik, 701 metroko desnibel positiboa gaindituta.

Igoera ia ezagutu gabe, garaipena

Iñigo Larizenaren oso bestelakoa da emakumezkoetan azkarrena izan den Miren Bastidaren kasua. Larizentzat sekreturik ez daukan igoera, ia arrotza da Bastidarentzat. Elgoibartarra du amona eta hark animatuta erabaki du estreinakoz parte hartzea 27 urteko azpeitiarrak. Mendi lasterketetan aritzen dela azaldu du, baina ez Karakatekoa moduko igoera bertikaletan. Proba bukaeran aitortu duenez, gutxitan igo da Karakatera, ez du gogoan noiz igo zen azkenengoz, eta aurreko egunetan ere ez du entrenamendu berezirik egin mendian. Morkaikokoei bidegurutzeak zaintzen laguntzen aritu diren boluntarioetako bat izan da Bastidaren amona, eta haren animoak jaso ditu San Roken gora bere paretik igaro denean (goiko bideoan). Ilobak gailurretik jakinarazi dio amonari proba irabazi duela. 

Hona irabazleen adierazpenak eta sari banaketa ekitaldia, bideoan:

 

SAILKAPENA: 32. Karakateko Igoera (-PDF-)

•Azken urteetako irabazleak:

*Irudiak: BARRENA eta Morkaikoren boluntarioak.