Gertakariak

Gaindu enpresako beharginak lantokitik atera dituzte koadro-elektriko batek su hartu duela-eta

Asier Orbea Ostolaza

Suhiltzaileak Gaindu enpresaren kanpoaldean, gaur goizaldean

Olaso industrialdean dauden Gaindu eta Sisfle enpresen artean dagoen koadro-elektriko batek su hartu du goizaldean; eta, badaezpada hustu egin dute Gainduren lantokia.

Enpresatik jakinarazi dutenez, Sisfleko langileak ohartu dira Gainduren kanpoaldean kokatuta dagoen koadro-elektrikotik "ketza handia" irteten zela, eta suhiltzaileei deitu diete. 7:00ak aldera iritsi dira suhiltzaileak. Ez dela zauriturik egon azaldu dute eta kalte materialik ere ez, koadro-elektrikoak izan dituen kalteak besterik ez. 

Suhiltzaileek koadro elektrikoa itzali dute eta Iberdrolako teknikariek aztertu eta erabaki beharko dute orain argindarra noiz buelta dezaketen. Bien bitartean, argindarrik gabe geratu direnez, etxera bidali dituzte Gainduko beharginak. Batzuek etxetik lan egiteko aukera izango dute, baina ez denek. "Bihartik aurrera ikusteko dago lantokira lanera itzultzerik izango dugun. Iberdrolak argindarra itzultzen ez badigu, gure kabuz ere saiatuko gara, argindar-sorgailuen bidez, lan egin ahal izateko argindarra bideratzen", azaldu dute. 

Suhiltzaileak Gainduren lantoki kanpoan, 07:15ean.