Koska bat gora igota dator Elgoibarko ziklo-krosa

Asier Orbea Ostolaza

Besa CX Elgoibar ziklo-krosaren bigarren ekitaldia jokatuko dute, zapatuan, azaroaren 21ean, Mintxeta kirol gunean eta inguruetan. Arduradunek gaur egin dute proba aurkezteko agerraldia, udaletxean.

Jaioberria den proba izan arren -iaz jokatu zuten estreinako edizioa-, antolatzaileek ez dute denborarik alperrik galdu nahi eta lehen aldikoa baino handiagoa izango da Besa CX Elgoibar ziklo-krosaren bigarren edizioa, hainbat arrazoigatik. 

Batetik, nazioarteko izaera izango du, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) ematen duen C2 kategoria eskuratu baitu. Bestetik, aurten sortu duten IparKopa Cx Laboral Kutxa txapelketarako proba puntuagarria izango da. Elgoibarkoarekin batera, Urduñan eta Muskizen jokatzen dituzten nazioarteko ziklo-kros lasterketek osatuko dute lehen aldiz antolatu duten kopa.

Eta, aurrekoez gainera, Gipuzkoako ziklo-kros txapelketa ere izango da Elgoibarkoa. Osagarri horiekin guztiekin, iaz baino parte hartze handiagoa eta garrantzitsuagoa espero dute antolatzaileek.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidente Santi Osorok ere aitortu die egin duten ahalegina. "Oso fuerte hasi zarete. Iazko probak maila handia eduki zuen, lehendabizikoa izateko, eta bigarrengoa nazioarteko proba izatea zoriontzekoa da, lan asko egin beharra baitago izendapen hori eskuratzeko. Ez da erraza salto hori ematea. Zorionak", esan die Osorok antolatzaileei udaletxeko pleno aretoan egin duten aurkezpen ekitaldian. Gainera, ziklo-krosa guztiaren beharrean dagoen modalitatea dela esan du Osorok, errepideko txirrindularitzaren aldean pattal xamar dagoelako azken urteetan. Elgoibarkoa moduko lasterketekin, Osorok uste du garai batean zuen lekua berreskuratu dezakeela ziklo-krosak. 

Lasterketako zuzendari teknikoa den Imanol Garaizabalek jakinarazi du iazkoaren antzerakoa izango dela ibilbidea, baina ñabardura batzuekin, besteak beste, UCIk eskatzen duen baldintzetara egokitu behar izan dutelako. Partaidetzari dagokionez, iazkoa baino handiagoa izango dela aurreratu du Elgoibarko Lagun Taldea txirrindularitza eskolako ordezkariak. Euskal Herriko txirrindulariez gainera, frantziarrak eta kataluniarrak ere espero dituzte zapaturako. "Nazioarteko proba izanik, UCI puntuak egongo dira jokoan, eta maila handiko txirrindulari ugari etorriko dira horiek lortzeko asmoan", azaldu du.

Lasterketak 09:00etan hasiko dira.

 

Besa CX Elgoibar ziklo-krosaren aurkezpenean parte hartu duten ordezkariak Kalegoen plazan.