Manifestazioa egingo dute hilaren 26an pentsio publikoen alde

Ainhoa Andonegi Alonso

Duintasunak, Elgoibarko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak, pentsio publikoen aldeko manifestaziora deitu ditu herritarrak. Azaroaren 26an izango da, ostegunez, 12:00etan, Kalegoen plazatik abiatuta.

Datozen asteetan, Estatuko Gobernuak pentsioen errebalorizazioa erabakiko du, eta Duintasunak eskatzen du erabaki horrek berma dezala pentsiodunek ez dutela erosteko ahalmenik galduko. Horrekin batera, 2019tik galdutakoa urte amaierako aparteko ordainsari baten bidez konpentsatzea ere eskatu dute. 

Era berean, Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) garbiarekin parekatzea aldarrikatzen dute,  haien esanetan gero eta pentsiodun gehiagok zailtasunak dituztelako hilaren amaierara iristeko.  Eusko Jaurlaritzari, berriz, eskatzen diote 2027ko aurrekontuetan beharrezko diru partida sar dezala, Gutxieneko Pentsioa LGS garbiraino osatzeko.

"Pentsiodunok memoria dugu. 2017an, % 0,25eko igoera ezarri ziguten pentsioetan, eta kaleko mobilizazioari esker soilik lortu genuen neurri hori atzera botatzea. Gaur egun, zenbait alderdi berriro ari dira gezurrak zabaltzen, pentsio-sistema publikoari eraso egiteko eta murrizketetara itzultzeko. Argi eta garbi esaten dugu: 2018an ez ziren pasa, eta 2026an ere ez dira pasako", adierazi dute. 

Elgoibarko herritar guztiak manifestazioan parte hartzera animatu dituzte, pentsio publiko duin eta bidezkoen alde.