2027rako aurrekontu-proposamena aurkeztu du Elgoibarko EH Bilduk Udalean

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarko EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu 2027ko aurrekonturako. Martitzeneko osoko bilkuran erabakiko da hurrengo urterako aurrekontua. 

Udal Gobernuak aurkeztu zuen, lehenik, datorren urterako aurrekontu-proposamena, eta gauza bera egin du orain EH Bilduk. Atzo egin zuten bilera EAJrekin, eta datorren astean landuko dute 2027ko aurrekontuaren gaia, osoko bilkuran. 

Bederatzi esku-hartze

EH Bilduren aurrekontu-proposamenak bederatzi esku-hartze nagusi biltzen ditu, eta, horien barruan, eskaera zehatzak egin dituzte. Lehenengo puntu nagusian milioi bat euro aurreikusteko proposamena egin du Bilduk, Sallobenteko ur-hornidurarako. EH Bilduren iritziz, landa-auzoetako bizilagunek ezin dute herriguneko biztanleekiko desberdintasun egoeran jarraitu, eta Sallobenteko auzoari ur-hornidura publikoaren bidezko zerbitzua bermatzeko eskatu dute kopuru hori. Era berean, etxebizitza eta lurzoru politiketarako diru-lerro bat sortzea ere jaso dute txostenean. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko "politika aktiboa, baliabide ekonomikoak eta proiektu zehatzak" behar direla diote. Hirugarren puntuan, babesgune klimatikoak sortzeko eta hedatzeko eskatu dute, azken urteetako bero-boladen aurrean zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak babesteko. 

Lurzoru publikoa edukitzeari ere garrantzia ematen dio Bilduk, eta lurzoru publikoa erosteko aurrekontu-partida "esanguratsu" bat gordetzea proposatu du. Auzoetako irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ere eskatu dute, eta, horretarako, irisgarritasun unibertsala ardatz izango duen inbertsio-programa bat garatzea proposatu dute. Seigarren puntuan jaso dute, bestalde, herribus zerbitzua hedatzea eta Irisgarritasun Planean txertatzea. EH Bilduren ustez, zerbitzuaren ibilbideak, ordutegiak eta maiztasunak aztertzea ere beharrezkoa da. Beste puntu batean energia aurrezteko proiektuak aztertzeko partida eskatu dute, eta Batera proiekturako 150.000 euroko diru poltsa proposatu dute. Azkenik, 2026an onartutako Altzola auzoaren eta herrigunearen berroneratze proiektuak garatzeko aurrekontu-partidak ezartzea proposatu dute.

Bilera

Atzo eguerdian egin zuten bilera EH Bilduk eta EAJk. EH Bilduko arduradunek beren proposamenak azaldu zizkieten, eta, esan dutenez, EAJk PSErekin aztertuko ditu proposamen horiek, eta erantzuna emango diete. EH Bilduk esan du erantzun horren arabera erabakiko duela aurrekontuaren gaineko botoa.