Azaroaren 29an egingo dira Espainiako Kongresurako Hauteskundeak, eta horren harira, hautes-kanpaina bete-betean murgilduta dira alderdi politikoak.
Elgoibarko EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatu du astelehenerako, eta 'Posible egin' lemapean, Elgoibarren izango dira Maddalen Iriarte eta Olaia Duarte. Maalako parkean izango da, 19:00etatik aurrera.
Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, 1963) Zuzenbidean lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin zuen komunikabideetan politikara jauzi egin aurretik. 2016an utzi zuen kazetaritza, EH Bildu koalizioaren zerrendetan politikan sartzeko. Legebiltzarkide eta EH Bilduko legebiltzar-taldeko bozeramaile izan zen bi legealditan, eta 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan koalizioaren lehendakarigaia izan zen. 2023ko foru hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusigai aurkeztu zen. Ordutik, batzarkidea eta koalizioaren bozeramailea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Olaia Duarte Lopez (Beasain, 1988ko) gipuzkoar politikari eta gizarte-langilea da. Espainiako Senatuan Gipuzkoako senatari hautatu zuten 2023ko uztailaren 23ko hauteskundeetan, Izquierdas por la Independencia (EH Bildu eta ERC) talde parlamentarioaren barruan. 2015etik 2025eko urtarrilera arte Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen EH Bilduren izenean, Senatuko jardunean buru-belarri aritzeko kargua utzi zuen arte.