Elgoibarko Udalak langabezian dauden lau lagun kontratatuko ditu peoi lanetarako, lau hilabetez, Lanbidek enplegua sustatzeko ematen dituen dirulaguntzei esker.
Langileok Obra eta Zerbitzuen Brigadari lagunduko diote espaloiko eta oinezkoentzako pasabideetako bideak garbitzen, garbiketa arrunta indartzeko, sastrakak garbitzeko lanekin batera. Bideak makina bidez garbituko dituzte, eta sasiak garbitzeko makinaz eta belarra edo sasia mozteko tresnez egingo da sasiak kentzeko lana, dagokionaren arabera.
Lanpostuetara aurkeztu nahi duten lagunek hainbat baldintza bete beharko dituzte: B gidabaimena edukitzea, igeltserotza-,iturgintza-, elektrizitate-, edo pintura-lanetan Lanbideko ziurtagiriaren bidez egiaztatutako lan-esperientzia; Langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea; Elgoibarren, Deban, Mutrikun, Mendaron edo Soraluzen bizitzea; eta, ALPES 2025 deialdiko baldintzak betetzea.
Aurrekoez gainera, hainbat baldintza ere kontuan hartuko dituzte hautagaien artean aukeraketa egiterakoan, besteak beste, euskaraz jakitea; belar-sastrakak garbitzeko lanetan esperientzia izatea eta urbanizazio-obretako igeltserotza-lanetan esperientzia izatea.
Lanpostu horietan izena eman nahi dutenek Lanbideren Elgoibarko egoitzan edo www.lanbide.eus web orrian egin dezakete izen ematea, azaroaren 30era bitartean.