Elgoibarko Udaleko Osoko Bilkurak 27.484.560,15 euroko aurrekontua onartu du 2027rako; iazko hasierako aurrekontua baino %17,36 handiagoa –4.068.110,93 euro gehiago– eta iazko behin betiko arrekontua baino %7,75 handiagoa –1.977.839,51 euro gehiago–. EAJren eta PSEren aldeko botoekin egin du aurrera proposamenak. EH Bilduk kontra bozkatu du.
Gastuak, arloka
Antolakuntzak %12,41eko igoera izango du, Herritartasunak %24,14koa eta Lurraldeak %14,60koa. Lurraldeko igoeraren zati handi bat Eulogio Estarta (Sigma) auzoko urbanizazio lanei, Errezabal egoitzako parkingaren obrei eta Usetxe Plaza proiektuari lotuta dago.
Sailka, hauek dira proposatutako igoerak: Kultura, %58,44; Berdintasuna, %31,61; Euskara, %23,85; Sustapena, %23,92; Gazteria, %18,84; Hirigintza, %14,60; Kirola, %12,53; eta Ongizatea, %4,11.
Gastu motaren arabera, bestalde, pertsonal-gastuak %5 inguru igoko dira; gastu arruntak, %3,52; eta inbertsioak, %128.
Inbertsio garrantzitsuenak
Inbertsioen atalak jasoko du 2027an ere diru kopururik handiena; guztira, guztira, 5.541.347,52 euro; iaz baino %128 gehiago, alegia. Nabarmenetzekoen artean ondorengoak aipatu dituzte:
- Errezabal egoitzako aparkalekua: 1.500.000.
- Usetxeko obra: 1.112.724,52.
- Sigmaren urbanizazioaren bigarren fasea: 500.000.
- Altzolako saneamendua: 450.000 –2028an jarraipena–.
- Herri-bideen konponketa: 425.000.
- Kirol-ekipamenduak: 410.000 –atletismo pista berria eta eskalada praktikatzeko espazio berria–.
- Landa-auzoetako inbertsioak: 320.000.
- Higiezinen konponketak: 237.800.
- Arriagako sarbidea: 150.000.
Horrez gain, beroari aurre egiteko ur txorrotak jartzeko proiektua landuko da, klima-aldaketara egokitzeko udal estrategiari jarraipena emanez.
Udaletik nabarmendu dute mailegurik gabe egingo diotela aurre aurrekontuari, kanpotik jasoko dituzten dirulaguntzei esker, eta beste erakundeekin elkarlanean lan egiteari garrantzia eman diote. "Udal aurrekontutik kanpo, beste administrazio eta erakunde batzuek Elgoibarren sustatzen dituzten inbertsioek 65 milioi euro baino gehiagoko bolumena dute, Elgoibarrek inbertsioa erakartzeko duen indarraren erakusle", adierazi dute.
Inbertsioak finantzatzeko kapital-transferentziak %211,79 haziko dira: 2026an 1,36 milioi euro ziren eta 2027an 4,81 milioi izango dira. Igoera hori jarduera zehatzetarako dirulaguntzei lotuta dago; besteak beste, Usetxeko obrei eta Eulogio Estarta Etxebizitzen (Sigma) berritzearen bigarren faseari, eta Gipuzkoako Uren 850.000 euroko ekarpenari.
Errezabal egoitzaren inguruko obrek, berriz, "nabarmen" handituko dituzte eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren diru-sarrerak. Azaldu dutenez, baliabide horiek helburu zehatza dute, eta ezin dira ohiko diru-sarreratzat hartu. Diru-sarrera horiek erakundeen arteko lankidetzaren isla direla zehaztu dute. Era berean, udal aurrekontutik kanpo, beste administrazio eta erakunde batzuek Elgoibarren sustatzen dituzten inbertsioek 43 milioi eurotik gorako bolumena dute. Azkenik, 2026an 1,33 milioi euroko mailegua aurreikusi zuten, eta datorren urteko aurrekontuak ez du mailegurik jasotzen.
Beste batzuk
Zerbitzu publikoen alorrean, herritarren egunerokoan eragin zuzena dutenak "sendotzea" du helburu Udal Gobernuak. Horrela, liburutegi zerbitzua larunbatetan irekita egongo da, eta Mintxetako muskulazio-gelaren ordutegia zabaldu egingo dute, erabiltzaileen eskaerei erantzuteko. Hortaz, urtarriletik aurrera 7:00etan zabalduko dute Mintxetako gimnasioa. Horrekin batera, gaztelekuan bidelagun figura sortuko dute. Udalaren modernizazio-prozesuak ere jarraipena izango du 2027an, "eraginkortasuna eta herritarrekiko komunikazioa" hobetzeko. Horretarako, pantaila digitalen hobekuntzan eta udal webgune berriaren garapenean aurrera egiteko asmoa azaldu dute.
Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetan proposamenak hainbat ildo nagusi jorratzen ditu: alde batetik, etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta Eguneko Zentroa lizitatuko dituzte, bazterketa-arriskuaren aurkako partida handitu egingo dute eta Loratzen programaren aldeko apustua sendotu egingo dute, ongizate emozionalaren prebentzio-lanean sakontzeko.
Azkenik, proposamenak handitu egiten ditu ikuskizun eszenikoen, herriko jaien eta auzo-jaien partidak, baita EMUDAFEri emandako dirulaguntza ere. Gobernuak esan duenez, helburua da Elgoibarko kultura eta herri-ekimena indartzea eta herriko bizitza sozialari bide berria ematea.
Udal Gobernuak jakinarazi du aurrekontu-proposamena udalbatzako gainerako taldeekin "modu irekian, arduratsuan eta behar besteko denborarekin" lantzeko borondatea duela. Horretarako, azaroan bilerak egingo dituzte.
EH Bildu, kontra
Udal gobernuak esan du aurrekontu hauek udalbatzako talde guztiekin batera eraikitzea izan dela helburua. Horretarako lau bilera egin dituztela azaldu du, bi batzordean eta beste bi batzordetik kanpo. EH Bilduk esan du haien proposamenei emandako erantzunetan zehaztasun "gutxi" zegoela, eta "konpromiso falta" ikusi dutela. Haien iritziz, aurrekontu batzuk ezin daitezke zenbakien arabera bakarrik neurtu, garrantzi handia baitu, zein behar lehenesten den eta baita etorkizuneko erronkak nola gertatzen diren. Azaldu dute EH Bilduren proposamenak ez direla berriak, eta gaineratu dute EAJ-PSEren gobernuak legealdi hasieran hartutako konpromiso asko gauzatu gabe daudela oraindik, besteak beste, babes klimatikoak, Herribusaren garapena, auzoen eta oinezkoen irisgarritasuna, Altzola eta erdigunearen berroneratzea…: "Akordioa lortzen saiatu gara, alkatearekin bildu gara, baina ituna egiteko borondatea behar da alde bietatik". Aurrekontuei neurgailuak falta zaizkiela ere azpimarratu dute: "Gobernuak guri emandako erantzunetan ez dago ia ezer horietatik". Beraz, haien ustez behar garrantzitsuak direnak bazter laga direlako eta horiek integratzeko modurik egon ez delako kontrako botua eman dute.
EH Bilduk bere proposamena bederatzi esku-hartze proposatu zituen. Lehenengo puntu nagusian milioi bat euro aurreikusteko proposamena egin du Bilduk, Sallobenteko ur-hornidurarako. EH Bilduren iritziz, landa-auzoetako bizilagunek ezin dute herriguneko biztanleekiko desberdintasun egoeran jarraitu, eta Sallobenteko auzoari ur-hornidura publikoaren bidezko zerbitzua bermatzeko eskatu dute kopuru hori. Era berean, etxebizitza eta lurzoru politiketarako diru-lerro bat sortzea ere jaso dute txostenean. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko "politika aktiboa, baliabide ekonomikoak eta proiektu zehatzak" behar direla diote. Hirugarren puntuan, babesgune klimatikoak sortzeko eta hedatzeko eskatu dute, azken urteetako bero-boladen aurrean zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak babesteko.
Lurzoru publikoa edukitzeari ere garrantzia ematen dio Bilduk, eta lurzoru publikoa erosteko aurrekontu-partida "esanguratsu" bat gordetzea proposatu du. Auzoetako irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ere eskatu dute, eta, horretarako, irisgarritasun unibertsala ardatz izango duen inbertsio-programa bat garatzea proposatu dute. Seigarren puntuan jaso dute, bestalde, herribus zerbitzua hedatzea eta Irisgarritasun Planean txertatzea. EH Bilduren ustez, zerbitzuaren ibilbideak, ordutegiak eta maiztasunak aztertzea ere beharrezkoa da. Beste puntu batean energia aurrezteko proiektuak aztertzeko partida eskatu dute, eta Batera proiekturako 150.000 euroko diru poltsa proposatu dute. Azkenik, 2026an onartutako Altzola auzoaren eta herrigunearen berroneratze proiektuak garatzeko aurrekontu-partidak ezartzea proposatu dute.
