Antza denez, atxilotuak liskarra izan zuen hainbat pertsonarekin haren etxebizitzan, eta labanaz zauritu zuen biktima. Hura Donostia Ospitalera eraman eta ebakuntza egin behar izan zioten.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, 17:00ak inguruan izan zen gertakaria. Abisua jaso zuten gizon bat zauritu zutela Elgoibarko etxebizitza batean, Altzola auzoan, eta informazio hori egiaztatzeko, hainbat ertzain Mendaroko ospitalera joan ziren, eta han egiaztatu zuten arma zuriz zauritutako pertsona bat zegoela. Biktimak trakean zuen lesioa, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten ebakuntza egitera.
Bien bitartean, hainbat patruila ustez egitateak gertatu ziren Elgoibarko etxebizitzara joan ziren. Ertzainek jakin ahal izan zutenez, biktima, 39 urtekoa, beste bi gizonekin batera joan zen, arma zuriak hartuta, gero erasotzailea izan zuen gizonaren etxera, eta izan zuten liskarrean aipatutako lesioak eragin zizkion. Ustezko erasotzailea, 34 urtekoa, bertan zegoen eta hilketa-ahalegina leporatuta atxilotu zuten.
Era berean, zaurituari, eta harekin joan ziren beste bi pertsonei, 22 eta 49 urtekoak, eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa arma zuriekin mehatxatzeagatik. Zauritutako laguna bera, aurrez atxilotu izan dutela zehaztu du Ertzaintzak