Kantari egitasmoa egingo dute zapatuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Ainhoa Andonegi Alonso

Elgoibarrek Kantari ikuskizuna hartuko du, lehen aldiz, azaroaren 28an. Herriko Antzokian egingo dute 16:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da. BARRENAk zuzenean emango du saioa webgunearen bitartez. 

Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzea helburu duen ikuskizuna da. Parte-hartzaileek euskarazko abesti bat prestatzen dute taldeka, zozketa bidez esleitu zaiena, eta abesti horri dagokion koreografia entseatu edo sortzen dute, ondoren, ikusleen aurrean aurkezteko. Euskal kantagintza eta dantza uztartuz, haurrek euskaraz gozatzeko eta euskal kultura modu naturalean bizitzeko aukera dute. 

Elgoibarren zapatuan egingo dute estreinakoz Kantari. Herri Eskolako eta Ikastolako 7 eta 12 urte arteko 125 gaztetxo inguruk parte hartuko dute, baina antolatzaileek argitu dute ez dela lehiaketa bat, eta egitasmoaren helburua dela gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzea. Besteak beste, ETS, Bulego, Kai Nakai, Hesian, Sukena, Nogen eta Gatibu taldeen kantuak interpretatuko dituzte. 

Elgoibarko Udala eta Abao Komunikazio Agentzia aritu dira antolakuntzan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Barrena hedabidearen laguntzarekin. Antolakuntzak bereziki nabarmendu nahi izan du ikastetxeek proiektuan izan duten inplikazioa; Elgoibarko Herri Eskola eta Elgoibar Ikastola bidelagun izan dituzte hasieratik, eta familien zein parte-hartzaileen inplikazioa ere handia izaten ari da.

Lau saio

Emanaldiak azaroaren 28an izango dira, Elgoibarko Herri Antzokian. Guztira, lau saio izango dira, arratsaldeko 16:30ean hasita, eta emanaldi bakoitzean bost taldek hartuko dute parte. Ikuskizuna herritar guztiei dago irekita, eta edonor joan daiteke ikustera, doan eta aurretik sarrerarik eskuratu beharrik gabe.

Emanaldia Barrena.eus webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da, 16:30etik aurrera. Horrez gain, saioen argazki-galeriak eta emanaldiak ere Udalaren eta Barrenaren web atarietan argitaratuko dira, herritarrek esperientzia jarraitzeko eta bizitakoa berriz ikusteko aukera izan dezaten.