Gamusino Fest jaialdiak jamaikar doinuz girotuko du Elgoibarko Gaztetxea, zapatuan

Asier Orbea Ostolaza

KSKA kolektiboko kideak. 

KSKA kolektiboko kideak eta Arratians taldea izango dira aurtengo talde gonbidatuak Gamusino Fest musika jaialdian, azaroaren 28an, Sutegixa gaztetxean.

Aurten gainera, Elibarko Gazte Asanbladaren 40. urtemugarekin bat egingo du urtero antolatzen duten Gamusiko Fest jaialdiak, eta zapatu arratsalde-iluntzerako plan ezin hobea izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Musika jaialdia 18:00etan hasiko da, KSKA taldekoen saioarekin. Arratians taldekoen emanaldia, berriz, 19:30ean hasiko da. Bi kontzertuen ostean, jamaikar doinuek ez dute etenik izango, KSKA kolektiboko kideek jarritako musikarekin izango baitu segida jaiak.

 

Hona parte hartuko duten taldeen inguruko hainbat xehetasun:

KSKA kolektiboa

KSKA (kaleko soinuak kaleak astintzen) kolektibo musikala 2019. urtean sortu zuten Durangaldean, sei bat musikazale eta fanzine zalek, denak hainbat urtean "underground" kultur sorkuntzan aritutakoak. Ideia baten bueltan batu ziren: Durangon une hartan, kaleko eskaintza kultural-musikal ezari buelta bat ematea. Gaur egun egoera ez dela hobetu diote, kontrakoa baizik. DIY filosofia ardatz moduan hartuta hasi zuten ibilbidea, "kontzertu zein pintxadak antolatzen hasi ginen, kalean, lagunen-tabernetan edo garai hartako Durangoko Sorginola gaztetxean. Egin genituen ekitaldi-musikatu gehienak fanzine bat argitaratuta borobildu genituen, musikariei zein selektorrei elkarrizketak eginez, adibidez", azaldu dute.

Durangaldeko "underground" talde musikalak binilo ezberdinetan biltzeko egitasmoa jarri zuten abian pandemia garaian, Durangaldeko Soinuak Durangaldea Astintzen izenburupean. "80ko hamarkadatik gaur egunera arte ekoizpena hiru bolumenetan jaso nahi dugu. Momentuz kaleratuta ditugu lehen biak, eta ez da ia kopiarik geratzen. Buru belarri ari gara hirugarren bolumena atontzen, eta espero dogu 2027. urtean argia ikustea. Hala, Durangaldean bos hamarkadatan 100dik gora underground-musika talderen ekarpena jaso eta bilduko duen egitasmoari bukaera emanez". Azken hori ere binilo hirukoitz formatuan argitaratuko dote, "formatu honen freak ero batzuk baikara".

Zuzenean ematen dituzten saioetan reggae estiloko musika izaten da nagusiena. Azken urteotan hainbat kolektibo zein norbanakorekin partekatu dituzte musika jartzeko platerrak, besteak beste, Pantx, Naken Selektorra edo Zuretzako mezua. Aldi berean, EHko txoko ezberdinetan ibili dira musika jartzen, Durangaldean bereziki, baina baita, Iruñea, Gasteiz, Basauri, Arrasate... eta oraingo honetan Elgoibarrera ekarriko dute euren emanaldia, Sutegixa Gaztetxera. 

Arratians

Arratians proiektue MG Bandan errautsetatik eta jamaikar erritmoetatik askatu ezin ziren la lagunen eskutik sortutako proiektu musikala da: Erika Liquete (saxoa + txirula), Ander Garigorta (bateria + ahotsa) Jon Velasco (gitarra) eta Aimar Fernandez (baxua + ahotsa). Gero batu zitzaizkien Gordon Weetman (teklatua) eta Beñat Gabiña (tronboia). Rocksteady eta early reggae doinuak lantzen ditu Arratia bailarako musikariez osatutako taldeak.

Kaleratu duten azken lanean rocksteady eta reggae doinu klasikoagoetan topatu dute babesa, abesti propioak sortzeaz gainera, estilo honetako klasiko handien moldaketak eginez, haiei aitortza egiteko. 2024an aurkeztu zuten estudioko lehen lana: bi abestiz osatuta dagoen izen bardineko singlea, Pantx Records-ek argitaratua. "Itxi traje barriek, ez da behar galaz janzterik. Atara bermudek eta eguzkiteko antijuek, oingoan Arratieko tranbiek Jamaikara eroango gaitu ta!"