“Lolaren bizikleta” laburmetraia aurkeztuko dute Elgoibarren Alba Barbék eta Laia Pibernatek

Asier Orbea Ostolaza

Lolaren bizikleta liburu arrakastasua irudietara ere eraman dute egileek, hain justu laburmetraia modura ondu dute. Azaroaren 27an Elgoibarren emango dute, doan, eta estreinaldia izango da Gipuzkoan. Gainera, egileak etorriko dira liburuan zein laburmetraian lantzen dituzten gaiez berba egitera, hau da, haurtzaroko sexu indarkerien prebentzioa.

Lolaren bizikleta Alba Barbé i Serra eta Laia Pibernat i Mir idatzitako eta Judit Piellak ilustratutako haurrentzako album ilustratua da, haurtzaroko sexu-indarkeriaren prebentzioa lantzeko sortua. Juditt Piellaren sormen lanak ezagunak dira elgoibartarrentzat, Jasone Osorok idatzitako Bruna ipuina ilustratu baitzuen, eta hark sortutako pertsonaiak herriko erakusleihoetan ikusteko aukera ere izan zen 2024ko Eguberriertan. 

Bi emanaldi

Liburuaren zein laburmetraiaren egileak azken lan hori aurkeztera etorriko dira Elgoibarrera, barikuan (azaroak 27). Bi emanaldi egingo dituzte Herriko Antzokian, bata, 13:00etan, adingabeekin zuzenean lan egiten duten profesionalei zuzendua. Bertan, Elgoibarko Udaleko ordezkari politikoez gain, Danobat enpresako ordezkariak ere izango dira. Izan ere, kooperatibak badu partaidetza film laburrean, euskararako bikoizketa osorik finantzatu baitu. 
19:00etan izango da bigarren emanaldia, herritar guztiei irekia, eta film laburraren zuzendariak ere bertan izango dira. Bi emanaldietan euskaraz proiektatuko da filma, gaztelaniazko azpitituluekin, eta sarrera doakoa izango da.

Zuzendarien hitzetan, elkarrekin ikusteko film laburra da, "gizartea eraldatzeko tresna, haurtzaroko sexu-indarkerien inguruko isiltasuna eta zigorgabetasuna hausten jarraitzeko". Aurreratu dutenez, animazioko eszenak eta aktoreekin filmatutakoak uztartuta sortu dute lan hau. Duela gutxi Zuzendaritza Onenaren Saria jaso du Jaengo Genero Indarkeriaren aurkako Film Laburren XIV. Jaialdian.

Liburuaren egileak: Alba Barbé, Laia Pibernat eta Judit Piella.

Liburuaren sinopsia

Gau batean, ekaitza kanpoan, hautsi egin da Lolaren bizikleta. Bere irudimena eta baliabideak lagun, egun gutxiren buruan konpondu du bizikleta. Ez zaio txirrina baino falta. Itsasoko ur azpian, bizikletak txirrina jo du, Lolari deika. Biak batera, amarekin mintzatzeko modua aurkitu dute: ez dute osaba itzultzerik nahi.