Zapatu honetan egingo dute, IMH ktoldegian, 9:30etik 12:00etara. Aurrebenjamin, benjamin eta alebin mailako Herri Eskolako eta Ikastolako ikasleentzat prestatutako jardunaldia izango da, eta adin-taldeka antolatu dute. Benjamin eta alebinek 9:30etik 11:00etara parte hartuko dute, eta aurrebenjaminek 11:00etatik 12:00etara.
Besteak beste, Colpbola eta Artzikirola praktikatzeko aukera izango dute eskola-umeek. Hona kirol modalitate berri hauen inguruko zenbait jakingarri.
Artzikirola, Artziniegan sortutako kirola
Artzikirola 2007an Jose Ramon Reyk Artziniegan (Araba) sortutako kirol edo joko arautua da, areto-futbola, eskubaloia eta errugbia uztartzen dituena.
Reyk izan zuen ideia hura munduko toki askotara zabaldu da orain. Honezkero hainbat sari eta aitortza jaso ditu, kirolean aniztasuna eta balore positiboen transmisioa bultzatzeagatik. Eta, jolas gisa sortu zena kirol bihurtzeko prozesuan dago, mundura zabaldu ahala.
Aiaraldeako alea.eus toki komunikabidean duzue asmatzaileari eta kirol honi buruzko informazio osoagoa.
Colpbola, talde-kirol hezitzailea
Colpbola Juanjo Bendichok Valentzian sortutako talde-kirol hezitzaile eta inklusiboa da. 1997an sortu zuen kirol modalitate berri hori, eta azken 20 kirol-erreferente berritzaile eta integratzaile gisa finkatu da gainera, hezkuntza-ahalmen handiak dituela-eta.
Gorputz Hezkuntzako klaseen eguneroko praktikan ikerketa-ekintza prozesu baten bidez sortu zuten Colpbol-a. Kirol tradizionalen hezkuntza-mugak gaindituko zituen talde-kirol bat bilatzea zegoen sortzaileen gogoan. Hau da, talde joko bat sortu nahi zuten, jokalari guztiek ahalik eta parte-hartze handiena izan zezaketena, edozein dela ere jokalari horien maila fisikoa, norbanakoen arteko aldeak ahalik eta gehien murriztuko zituena eta jokoaren azken helburua lortzeko (gola) ezinbesteko lankidetza eta komunikazio kolektiboa eskatuko zituena.
Taldeko kirola da, eta 7 jokalariko bi talde mistok jokatzen dute. Espazio zehatz batean garatzen da (eskubaloi-zelai baten antzeko dimentsioekin normalean). Eskuekin kolpeak emanez, kontrako atean pilota bat sartzea da helburua. (Colpbolaren araudia honako bideoan)
