Elgoibarren ere salatu dute Bilboko hilketa matxista

Ainhoa Andonegi Alonso

Bilbon izandako hilketa matxistaren aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat herritarrek Maalako parkean.

Gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion haren etxean, Bilbon, eta Gurutzetako ospitalean hil zen emakumea. Biansi Nadieska zuen izena, 34 urte zituen, eta 4 eta 6 urteko bi haurren ama zen; haien aurrean izan zen erasoa. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako seigarren emakumea izan da; eta 2003. urtetik, estatistika ofizialak daudenetik, 138 emakume eta 13 haur hil ditu indarkeria matxistak. 

Emakume Feministen Asanbladak deituta, 'Aski da' lemapean batu ziren atzo herritarrak Elgoibarren, indarkeria matxista salatzeko.