Taldekideek hilabeteak eman dituzte sariak prestatzen: eskuz egindako tokillak eta poltsak, artilezko bufandak, amantalak... baina, tartean, herriko dendek eta norbanakoek emandako gaiak ere badaude: kuxinak, beirateria eta jostailuak, besteak beste. Eta lan horren guztiaren azpian elkartasunari lotutako helburua dago: ermuarrak egiten ari diren proiektu solidarioei laguntza ekonomikoa ematea, hain zuzen ere.
"20 urte baino gehiago daramatzagu tonbola antolatzen, eta milaka euro jaso ditugu; Kolonbiara bideratu dira –Mireia Suarezen bitartez–, baita Txilera –Nico Urretari esker– eta Senegalera ere –Hortensia Perosanzen eskutik–, besteak beste. Eta diru horri esker, misiolari horiek aukera izan dute ura ateratzeko putzuak eraikitzeko, janaria erosteko eta umeak eskolako materialaz hornitzeko, proiektu batzuk aipatzearren".
Taldea indarberritu
Tonbolako kide Mari Karmen Urkidiren eta Nieves Lauzirikaren esanetan, herritarrek proiektua ezagutzen eta babesten dute, eta asko dira ireki bezain laster joaten direnak txartelak erostera, baina aitortu dute lantaldea bera nahiko ahul dagoela: "Bospasei emakume aritzen gara lanean, eta batez besteko adina 70 urtekoa da: nagusienak 82 urte inguru ditu!". Hori dela eta, proiektu sendoa izan arren, haren etorkizuna zalantzan dagoela iruditzen zaie. "Duela gutxi, gaztetxo bat batu zaigu, eta bestelako lanak egiten laguntzen digu, baina jende gehiago beharko genuke", azpimarratu dute.
Indarrez justutxo ibili arren, aurten tonbola ireki dute Santixau jaietan ere, aspaldi egiten zen bezala, eta gustura geratu dira lortutako emaitzarekin. Izan ere, haien produkzioa oso handia da: "Astean behin elkartzen gara Merkatu Plazan daukagun lokalean, astearteetan, 17:00etatik 20:00etara, eta josten eta puntua egiten orduak ematen ditugu. Hitzordu hori etxetik irteteko aitzakia ere bada, eta beste emakume batzuekin harremana izateko eta aktibo egoteko parada ezin hobea".
Taldera batu ez baina lagundu nahi dutenek txartelak erosi ditzakete agortu baino lehen, edo egoera onean dagoen materiala tonbolara eraman.
