Abenduan zehar Elkartasun Jardunaldiak antolatu ditu Ermua Palestinarekin Ekimenak. Abenduaren 11n hasi ziren, "The Voice of Hind" filmaren proiekzioarekin eta liburutegian jarritako "Palestinaren historiari begirada" erakusketarekin; tartean, hilaren 18an, Lidon Soriano Yala-Nafarroa plataformako bozeramailearen "Palestina Trump Planaren ondoren" hitzaldia eskaini zen; eta hilaren 26an bukatuko dira, The Jacintones eta Presbicia taldeen kontzertuekin, 20:00etan, Eskilarapeko Ateneoan. Baina hitzordu nagusia zapatu honetan egin zen, Palestina Eguna.
Goizean zehar antolatutako aurpegi margoketa, marrazki, eskumutur eta txapa tailerrekin kolore gorri, berde, beltz eta zuriz tindatu zen Orbe Kardinala plaza. Palestinaren aldeko aldarria doinuz ere plazaratu zuten Pispillu Abesbatzak, Alboka Musika Eskola ordezkatu zuen Begibide taldeak, eta Sol Band taldeko Ahmed eta Nur Alhaddad bikote gazatarrak, "Errefuxiatuena", "Wafa", "Palestina Askea", "Gernika" eta "Txoriak Txori" bezalako kantak abestuz. Ekitaldi nagusia 13:00etan ospatu zen: 150 herritarrek eskutik heldu eta, plazatik hasita, Zubiaurre kalea zeharkatzen zuen giza-katea osatu zuten.
"Ezinbestekoa da Palestinari buruz hitz egiten jarraitzea"
Ondoren, Ermua Palestinarekin Ekimeneko kideek komunikatua irakurri zuten plazako kioskoan. Su-etena "faltsu" moduan kalifikatu zuten, ezarri zenetik Gaza eta Zisjordaniako erasoak "etengabe errepikatu" direlako. Horrez gain, Israelen blokeoak zerrendako biztanleak gosez hiltzen jarraitzen dutela salatu zuten. Bukatzeko, herritarren mobilizazioak eta Palestinaren inguruan berba egitea "ezinbestekoa" dela azpimarratu zuten, "erakutsi baitugu gai garela gobernuak presionatzeko eta mugiarazteko".
Eguna borobiltzeko, liburutegian zegoen Palestinaren historiaren inguruko erakusketa zintzilikatu zuten kaleko hormetan, herritar guztiek ikus zezaten.