Balkoi argitsu eta koloretsuenak saritu ditu Ermuko merkatarien elkarteak

Ander Gomez 2025eko abenduaren 23a

Gabonetako balkoi lehiaketako irabazleak aukeratu ditu Ermuko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak. Hamar erosketa-bono zozkatu dira parte-hartzaileen artean, eta 1400 euro banatu dituzte guztira. Argazkiak: EMOE.

Gabon garaia gerturatzearekin batera, etxeko balkoi eta leihoak apaintzen joan dira ermuarrak, etxebizitzetako fatxadak argiz eta kolorez betez. EMOEren lehiaketan parte hartzeko argazkia bidaltzea besterik ez zuten egin behar, eta berrogei herritaretik gora inskribatu dira, sari potoloak irabazteko lehian sartuz. Pasa den eguaztenean bukatu zen izen-emate epea eta elkarteko kidez osatutako epaimahaiak aste bukaera hartu du irabazleak aukeratzeko. Atzo, astelehena, sari-banaketa egin zen Merkatu Plazan.

Gabonetako apaingarri onenen hirugarren saria Leire Fernandezek irabazi zuen, eta 100 euro jasoko ditu.

Bigarren saria Ronald Rodriguezi eman zioten, eta 300 euro jasoko ditu.

Bukatzeko, 2025eko Gabonetako balkoi onenaren saria Yaiza Rivasek irabazi zuen, eta 500 euro jasoko ditu sari.

Bonoen zozketa

Baina hiru horiek ez ziren izan irabazle bakarrak. Lehiaketako partaide guztien artean hamar bonoren zozketa egin zuten. 50 euroko balioa du bakoitzak, eta herriko komertzioetan erabili ahalko dituzte irabazleek.