Irailaren 19an egingo dute Hiru Txikiak Trailaren bosgarren edizioa. Aurrekoetan dortsalak berehala agortu izan diren arren –iaz hamar orduan bukatu ziren trailekoak eta hamalau minutuan martxakoak–, Artarrai Mendi Taldeko antolatzaileek patxadaz eta aurreikuspenez jokatu nahi dute. Horregatik, otsail hasieran zabalduko dituzte izen-emateak: hilaren 4an, 18:00etan, Kronoak plataforman.
Orain arteko modalitateak mantenduko dira: Urko, Oiz eta Egoarbitzako gailurretatik pasako diren 42 kilometroko traila eta martxa; Aixolako urtegiari buelta emango dion 12 kilometroko gazteentzako traila; eta herrigunean egingo den umeen Hiru Txiki-txikiak lasterketa. Baina, horiez gain, trail laburrago baten aldeko apustua ere egingo dute aurten.
Modalitate berria
Herriak aspalditik eskatzen zuela diote, baina, batez ere, gazteengan pentsatuta hartu dutela erabakia: Gazte Trailetik zetozenek 12 kilometro egitetik 42 kilometro egitera pasa behar zuten zuzenean, "alde handiegia gazte batentzat". Horregatik, 27 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa duen traila egiteko aukera emango dute. Laburragoa izan arren, "ibilbide zorrotza" izango dela eta Hiru Txikiak-en "betiko esentzia" mantenduko duela agindu dute.
1.000 dortsaletik gora
Iazko edizioan, 762 lasterkari eta 100 haur inguru inskribatu ziren. 107 lagun itxarote-zerrendan gelditu ziren eta ezin izan zuten parte hartu. Aurten, dortsalen eskaintza handitu eta hasieratik izan duten ametsetako bat bete nahi dute: 1.000 lasterkaritik gora izatea. Hala ere, lasterketa bakoitzeko plaza kopuruak mugatuta jarraituko duela diote: "Alde batetik, segurtasun arrazoiengatik; eta, bestetik, ibilbidea eta mendia bera ez saturatzearren". Horrela, 350 dortsal salduko dira trail luzean eta beste 350 martxan, trail berrirako 250 jarriko dira, gazteenean 100 eta umeenean 200 inguru.
50/50 erronka
Baina erronkarik handiena ez da dortsal kopurua izango. Antolatzaileen ustez, "jo beharreko gailurrik handiena berdintasuna da". Traila sortu zen momentutik garbi izan dute emakumearen presentziak "araua" behar zuela, eta "ez salbuespena". Lehen edizioan, neskak ez ziren lasterkari kopuru totalaren bostenera ere iristen. Urtez urte, portzentajeak gora egin, eta partaideen laurden bat emakumezkoak izatea lortu zuten 2025ean. Aurrerapauso garrantzitsua dela azpimarratu duten arren, helburua garbia dela diote: "Hiru Txikiak 50/50 trail festa izatea eta mutil bezainbeste neska izatea". Horregatik, gonbidapen zuzena egin diete emakumeei, neska gazteei eta umeei: "Irailaren 19an zuen indarra eta aztarna ikusi nahi dugu Ermuko mendietan; animatu eta lagundu nesken presentzia handitzen!".
Hiru Txikiak Trailaren izen-emate orria bisitatzeko egin klik hemen.