Pispillu Abesbatzak emanaldia egingo du bihar Begoñako basilikan

Dorleta Vidal 2026ko otsailaren 2a

Pispillu Abesbatza, 2025eko jardunaldietan.

Urtarrilaren 26tik otsailaren 13ra bitartean egingo dute Bizkaiko Abesbatzen 52. Astea, eta, ohi bezala, bertan izango da Ermuko Pispillu Abesbatza. Bihar, otsailak 3, izango da, hain zuzen ere, ermuarren txanda, eta egun horretan eszenatokia partekatuko dute Zeanuriko abesbatzarekin, Portugaleteko Herriko Abestiak Abesbatzarekin eta Bilboko Lagundi Abesbatzarekin.

Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta koru bakoitzak lau abesti kantatu ahal izango ditu, asko jota hogei minutuko kantaldia eginda. Gainera, arauek agintzen duten moduan, lau abesti horietatik bik erlijiosoak izan beharko dute –bat, ahal dela, Andre Mariarekin lotutakoa–, eta gainontzeko bietatik batek euskaraz izan beharko du, edo egile euskalduna izan. Zehaztapen horiei jarraitua, kanta hauek interpretatuko ditu Pispilluk: Josquin Des Prez musikagile franko-flamenkoaren Ave Vera Virginitas; The missión filmerako Ennio Morricone italiarrak sortutako Gabriel's Oboe; eta gipuzkoarrak diren Pablo Sorozabalen Maite eta Eduardo Mocoroaren Ilunabarra. Horrez gain, saioaren bukaeran, Begoñako amaren ereserkia abestuko dute lau koruek elkarrekin.

Aukeraketa

Pispillu Abesbatzak 30 urte baino gehiago daramatza jardunaldi horietan parte hartzen, baina, taldeko kideek adierazi dutenez, hitzordu horrek berezia izaten jarraitzen du, eta gaur egun ere "urduritasuna" sortzen die: alde batetik, basilika bete egiten delako egunero; eta, bestetik, abesbatza gehiegik izena emanez gero antolatzaileek aukeraketa egiten dutelako, eta horretarako koruak aurreko urtean erakutsitako mailan oinarritzen dira.  

Aurten, 57 abestaldek parte hartuko dute emanaldietan, Bizkaiko 29 herritakoak. Izan ere, parte-hartzaile kopurua handituz joan da urtetik urtera, eta, hasieran kantaldi guztiak astebetean egiten baziren ere, gaur egun hamabost egunetan izaten dira. Horietan guztietan sarrera doakoa izango da.