Giro ederrean ospatzen ari dira Txitxiburduntzi Eguna

Ander Gomez 2026ko otsailaren 5a

Eguraldia gorabehera, Martxoaren 8a plazan jarritako txorizo parrillak karpekin estali eta goizetik aurreikusita zeuden egitarau osoa mantendu du jubiletxekoek, irteerak eta txapelketak barne.

Iaz bezala, Aixolako urtegirako joan-etorriarekin hasi dute Txitxiburduntzi Eguneko egitaraua, 09:00etan. 105 lagunek eman dute izena 11,5 kilometroak egiteko, baina aurten, konpainia berezian egin dute: San Pelayo ikastetxeko 30 ikaslerekin. 11:00etan, herrigunean zehar, Jane’s Walk-a egin dute beste 85 lagunek, Ermuko historia ezagutu eta aldaketen inguruan hausnartzeko. Ermua, ibai gainean eraikitako hiria; Herriko komertzioa, eboluzioa; Periferia, familia askoren lehen harrera-gunea; Tren-geltoki zaharra eta berria... bezalako gaiak landu dituzte bidean.


Jubilatuak eta ikasleak Santixapeko iturrian, Jane's Walk-a hasi aurretik. Argazkia: Nora Gaston.

Bueltan, parrillak zeuzkaten zain bero-bero, txorizoak egosi eta merezitako mokadutxoa jateko prest.

Goizean zehar, petanka txapelketa hasi dute –oraindik amaitzeke dagoena–, eta igelaren jokoa jarri dute Martxoaren 8a plazan, lagunartean lehiatzeko. San Pelayoko 40 ikasle egon dira jolasean goizean zehar, eta arratsaldean Eskolabarriko beste 50 gerturatuko dira, jubilatuekin batera txorizoak erretzera.

Margolanaren zozketa eta argazki lehiaketa

Berritasun bezala, Mugartea pintura taldekoek koadro bat oparitu diete jubiletxekoei eta pintxoa erosi duten guztien artean zozkatuko da. Parte hartu nahi dutenek izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa jarri behar dute tiket atzean, eta bertan dagoen kutxan sartu.

Bestalde, mugikorrarekin ateratako argazkien lehiaketa ere antolatu dute, herritar guztiei irekia. Irudiak 693 592 313 whatsapp zenbakira bidali behar dira, formatu horizontalean eta mezuan izenburua eta egilearen izen-abizenak zehaztuta. Argazki irabazlea markoan jarri eta jubiletxean zintzilikatuko da.