Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Oilarrarekin, disko-festarekin eta Ermuan Kantuanekin ospatuko dute Eguen Zuri

Ander Gomez 2026ko otsailaren 12a

Oliver Pereira, Luka Grande eta Gorka Diego, iazko Oilarraren jokoaren irabazleak. A. Gomez

Gaur arratsaldean hasiko dira Ermuko Aratusteak, Oilarraren jokoarekin, Xaiborren DJ saioarekin, eta Euskal Birusak eta Gazte Asanbladak antolatutako Ermuan Kantuanen saio bereziarekin. Bihar, Hartza aterako da kalez kale.

Gaur, 16:00etan, Oilarraren jokoarekin hasiko dute martitzenera bitarteko aratusteen egitaraua. Aurten, San Lorenzo eskolako irakasleek gidatuko dute lehia, baina beti bezala, ikastetxe guztietako ikasleek hartuko dute parte. Zozketaz aukeratuko dira eta, makila eskuan, begiak estalita eta lagunen argibideak jarraituz, oilarraren kutxa ukitzen saiatuko dira. Irabazleek garaikurra eta herriko dendetan liburuak eta eskolako materiala erosteko bonuak jasoko dituzte. Ondoren, Xaiborren DJ festan dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango dute, 17:30etatik aurrera, plazan. Bukatzeko, Ermuan Kantuanen saioa egingo dute 19:00etan, plazatik hasita. Eguenaren izenari jarraituz, dresscode-a jartzea pentsatu dute Gazte Asanbladakoek, eta zuri koloreko mozorroak janzteko proposamena bota diete herritarrei. Egunean bertan, Ermuan Kantuanen kantu liburuak salgai jarriko ditu Euskal Birusak, 6 euroko prezioan (5 euroan bazkideentzat).

Oilarraren atzetik, Hartza

Bihar, barikua, Txindurrikoek Urkora igo eta kobazulotik aterako dute hartza. 18:30ean pregoia botako dute udaletxetik eta kantu-jirari ekingo diote. Aurten, San Lorenzo eskolako umeak arduratuko dira piztia zaintzeaz, ibilbidean zehar ihes egin ez dezan.