Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Gaztetxoenek eman diete hasiera aratusteei, Oilarraren jokoarekin

Ander Gomez 2026ko otsailaren 13a

Aurtengoan, San Lorenzoko irakaslegoak gidatu du Eguen Zuriko Oilarraren jokoa, eta, hiru beharrean, lau sari banatu dituzte. Bideoan irabazleak oilarrarenganaino iristen eta beste hainbaten saiakerak ikusgai. Kantua: Zuzen zuzen (Betizu Taldea)

Atzo, otsailaren 17ra arte luzatuko den aratusteen egitarauari hasiera eman zioten Ermuko ikastetxe guztietako umeek, Oilarraren jokoarekin. Mailaz maila, zozketaz aukeratutako eskola bakoitzeko ikasle bana atera zen plazara. Begiak estalita, makila eskuan eta garrasien artean lagunen argibideak entzuten saiatuz –"zuzen, zuzen", "eskumara, eskumara", "ezkerrera, ezkerrera"...–, oilarraren kutxarako bidea egin zuten. Kostata, baina azkenean ailegatu ziren gutxi batzuk.

Lau irabazle

San Lorenzoko Lier Laucirica (LH4) izan zen lehena, jokoa hasi eta ordu erdira. Hamar minutura, eskola bereko Wasim Azarkan (LH5) ailegatu zen kutxaraino, eta segidan San Pelayoko Aner Suarez (LH5). LHko maila guztietako partaideak pasa ziren, zorte barik, eta HHko umeak sartu zituzten. Orduantxe, ordubete pasata, Anaitasuna-Ongaraiko Telmo Vargasek (HH5) lortu zuen azken oilarra topatzea.

Irabazleek animaliaren figuratxoa eta herriko liburu-dendetan erabiltzeko 50 euroko txekea jaso zuten sari. Ondoren, DJ Xaiborren kamioia ailegatu zen plazara, eta ikastetxe guztietako umeek elkarrekin batera ospatu zuten.


Argazkia: Dorleta Vidal.