Nolakoa da Renate, zure herria?
Italiako iparraldean dagoen herri txiki bat da, Milandik eta Monzatik gertu. 3.500 bizilagun inguru ditu, eta, polita den arren, ez dauka inolako zerbitzurik. Saltokiak ixten joan dira eta gaur egun taberna pare bat bakarrik daude zabalik, dendarik ez. Edozer gauza egiteko autoa behar duzu.
Zer dela-eta ezagutu zenuen Ermua?
Nire lagunik onena hona etorri zen bizitzera 2018an, eta 2021ean bisitan etorri nintzen lehen aldiz. Garai hartan ez nengoen gustura Italian, bakarrik sentitzen nintzen. Izan ere, han beste bizimodu bat dago, jendea ez da kalean egoten, eta gutxitan elkartu zaitezke lagunekin. Lan egitea da lehentasuna han, dirua irabaztea.
Eta zer gertatu zen aipatu duzun lehen bisita haren ondoren?
Gero eta sarriago etortzen hasi nintzen, eta, azkenean, hona bizitzera etortzea erabaki nuen. Dena den, ez zen erabaki erraza izan, hiru urte eman nituen horretan pentsatzen. Italian neukan bizitza guztia: margo eta pladur enpresa aitarekin erdi bana, familia, lagun gehienak, etxebizitza… eta hemen hutsetik hasi behar nuen. Baina tira, aurrera egitea erabaki nuen.
Gogoratzen duzu zure lehen eguna Ermuan?
Bai; 2024ko abenduaren 9an heldu nintzen, hemen geratzeko. Nire laguna neska-lagunarekin etorri zen Italiara nire bila, eta haiekin eta txakurrarekin etorri nintzen autoan. Gure atzean, aita eta ama, nire trastez betetako furgoneta handi batean. 05:00etan irten ginen eta 19:00etan heldu Ermura. Hemen euri-jasa izugarria ari zuen, eta zoramena izan zen. Gainera, gurasoei ez zitzaien gustatzen nire erabakia, eta ez zen une erosoa izan. Orain, aldiz, gurasoak lasai daude, pozik ikusten nautelako.
Kostatu egin zaizu hemengo bizimodura egokitzea?
Ez asko, egia esan. Hasieran, arazoak izan nituen lana topatzeko, eta margolari eta zerbitzari lanetan jardun nuen, besteak beste. Iazko irailean laneko arropa eta serigrafia denda baten funtzionamendua ikasten hasi nintzen, eta urtarriletik aurrera nik hartu dut dendaren ardura. Lokala berriztatu, eta urtarrilaren 12an zabaldu nuen.
Eta nola hartu zaituzte ermuarrek?
Oso-oso ondo. Hemengoak laguntzeko prest egon dira beti, eta oso gustura nago. Ermua leku erosoa da bizitzeko, dena dago eskura, sozializatzeko aukera ugari daude, eta asko gustatzen zait plaza umez beteta ikustea egunero: Times Square dirudiela pentsatzen dut beti! Renateko plaza, aldiz, hutsik egoten da beti.
Hemengo ezerk harritu zaitu?
Edozein egunetan kalera irten eta lagunekin elkartu zaitezkeela, aurretik hitzordua lotu barik. Bestalde, hemengo ordutegiek harrituta utzi naute! Oso berandu bazkaltzen eta afaltzen da! Zaila izan da ohitzea, baina erritmoa hartuta daukat.
Eta eguraldia antzekoa da?
Bai, baina hemengoa epelagoa da. Italian hotz handiagoa egiten du neguan, eta bero handiagoa udan. Aldiz, esango nuke hemen hezetasun handiagoa dagoela.
Zer diozu gastronomiari buruz?
Egia esan, orain arte Italian bezala jan izan dut: pasta, pizza, okela… Azkenaldian hasi naiz babarrunak eta dilistak kozinatzen, eta gustura jaten ditut.
Badaukate antzik hemengo pizzek eta Italiakoek?
Ez, inondik inora! Nik etxean egiten dut masa, italiar erara, eta topatu dut pizzeria bat Bilbon Italiako pizza bertsuak egiten dituena, goxo-goxoak!
Zer egiten duzu aisialdian?
Lagunekin egon, txakurrarekin paseoan irten… Inguruko herriak ezagutzera joaten naiz sarritan, eta asko gustatzen zait Lekeitio. Bilbo ere gustatzen zait, Donostia, Iruñea… baina txoko asko ditut oraindik ezagutzeko.
Oso ondo moldatzen zara gaztelaniaz…
Ermura etorri baino lehen eskolak hartu nituen bi hilabetez, baina ganorarik gabe, egia esan. Gaur egun, dena ulertzen dudan arren, hitz egitean akatsak egiten ditut aditzekin. Euskaraz, aldiz, ez dut ezer ulertzen: lau hitz esan ditzaket.
Hemen zaudenetik, Italiara bueltatu zara?
Bizpahiru bider joan naiz, han utzi nituen gauzak kudeatzen bukatzeko. Urrian joan nintzen azkenengoz, eta maiatzaren erdialdean joango naiz berriro, ezkontza batera. Hangoak ere bisitan etorri dira: gurasoak, lehengusuak eta lagun batzuk, eta pozik hartzen ditut datozen guztiak.
Zerbaiten falta sumatzen duzu?
Gehienbat, lagunen eta familiaren falta sentitzen dut, baina emozio eramangarria da, eta uste dut erabaki zuzena hartu dudala.
Etorkizunean, uste duzu Ermuan bizitzen jarraituko duzula?
Gaur-gaurkoz, baietz esango nuke, baina, hala ere, onartu beharra daukat ez naizela geldi egotekoa.

