Aldapa-Ongarai igogailua zerbitzuz kanpo, gaur eta bihar

Ander Gomez 2026ko martxoaren 9a

Igogailuaren goiko sarrera, Ongaraitik. Argazkia: A. Gomez.

Gaur, astelehena, 09:30ean etengo dute Aldapa eta Ongarai kaleak lotzen dituen igogailuaren zerbitzua, konponketa lanak egiteko. Bihar, martitzena, berriz ere normaltasunez martxan jartzea aurreikusi dute, 16:00ak aldera.

Udaletik azaldu dutenez, hileroko ohiko azterketan zaratak antzeman dituzte kontrapisuaren polean eta kabinako txasisean. Horregatik, akats hauek konpontzeko programatutako geldialdia egingo dute martxoaren 9tik 10era bitartean, "matxura handiagoak saihesteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko". Aurreikusitako lanen artean daude kaltetutako polea ordezkatzea eta txasisaren gidak behar diren puntuetan doitzea.

Bi hilabeteko geldialdia

Duela gutxi, igogailu bera luzaroan egon zen geldirik. Abenduaren 4az geroztik zazpi aste inguru zerbitzuz kanpo egon ondoren, urtarrilaren amaieran jarri zuten berriro martxan. Orduan, kableak poleatik askatuta zeudela atzeman zuten, eta segurtasun arrazoiengatik gelditzea erabaki zuten. Konponketak atzeratu egin ziren, besteak beste, igogailuen mantentze-lanen ardura enpresaz aldatu zelako —TKEtik Oronara—, eta beharrezko piezak eta teknikari espezializatuak lortzeko zailtasunak izan zituztelako.