Jon Momaren 'Itzuliko naiz' izango da 2026ko Itzuliaren abesti ofiziala

Ander Gomez 2026ko martxoaren 26a

Jon Moma Itzuliaren aurkezpenean, Bergarako Seminarioan. Argazkia: Goiena

Itzuliaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Bergaran, eta bertan izan da Jon Moma musikari ermuarra, txapelketaren sintonia ofiziala izango den kantua aurkezten. Formatu akustikoan interpretatu du, baina entzuleak banda osoarekin grabatutako bertsioa entzutera animatu ditu. Albiste barruan kantuaren bideoklipa ikusgai.

2025eko Itzuliak izan zuen, historian lehen aldiz, "soinu-banda" ofizial bat: Janus Lesterren Dap dap abestia. Aurten, txapelketari doinu berria jartzeko ekimena errepikatzea erabaki dute, eta aurkeztutako guztien artean, MOMAK taldearen Itzuliko naiz kanta aukeratu dute.

Taldeko buru Jon Andoni Moreno ermuarrak azaldu duenez, abestia proposatu zuten, alde batetik, txapelketaren izenarekin duen "bistako loturagatik”; baina baita letraren esanahiagatik ere. Norberaren itzalak eta iluntasuna besarkatzeari buruz mintzatzen bada ere, ideia nagusietako bat “esentziara bueltatzea” da, eta hortxe ikusten du txirrindularitzarekiko lotura: "erronka konstante bat da, erresilientzia eskatzen duena, eta hor batzen dira bi munduak, musika eta kirola".

2026ko Itzuliaren bideo ofizialetan, etapa bakoitzeko irteera eta helmugetan, eta telebistako zuzenekoan entzungo da Itzuliko naiz.