Guazen Reala!

Angel Balsera (Ermua): "Ermuan realzale asko dago, eta 50 inguru joango gara Sevillara"

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko apirilaren 17a

Aurten Bai! Ermuko realzaleen lagunarteko kideak, urte hasieran elkarrekin sagardotegira egindako irteeran. Argazkia: Angel Balsera

Angel Balsera Garcia (Ermua, 1973) Aurten Bai! Ermuko realzaleen lagunarteko presidentearen esanetan, zapatuan lagunarteko kide ugari joango dira Sevillara Kopako finala ikustera, "erdiak inguru", eta lagunartekoak ez diren beste hainbeste ermuar ere bai.

"Batzuek etxea alokatu dute, eta guk hotela hartu dugu ostiraletik. Autoetan joango gara, hegazkina garesti dago eta", zehaztu du. Balserak zapatuko partidurako 1-2ko emaitza aurreikusi du Realaren alde. 

'Aurten bai!' 

Realzaleen taldea duela 15 urte eratu zuten Ermuan. "2011n, Reala Bigarren Mailan zegoela, Jon Ansotegi eta Markel Bergara Realeko jokalariekin afaldu genuen Ermuko elkarte gastronomiko batean, eta afari haren ostean osatu genuen lagunartea". Gaur egun, lagunarteak 50 kide ditu, eta tarteka joaten dira elkarrekin kanpoko partiduak ikustera. "Arraroa ematen du, baina Ermuan realzale asko dago", ziurtatu du Balserak.