Zaragozan jokatu zen Espainiako Sektoreetako txapelketa eta, talde ermuarraz gain, bertan lehiatu ziren Zaragozako La Jota, Iruñako Anaitasuna eta Asturiaseko Siero. Errotabarri suertatu zen fase honetan garaile eta lehena izate horrek aukera emango dio Espainiako TOP8 txapelketa jokatzeko. Maiatzaren 15, 16 eta 17ko asteburuan izango da eta estatuko zortzi talde indartsuenekin batera lehiatuko dira neska ermuarrak.
Txapeldunei harrera egiteko deialdia sareen bidez zabaldu ostean, euria ez zen oztopo izan eta ugariak izan ziren gerturatutako herritarrak. Jokalariak eta haiek laguntzen joandako senideak zekarren autobusa iritsi zenean, biba eta txalo artean hartu zituzten, besarkadez, malkoz eta une hunkigarriz betez Kaltxangoko plaza txikia.
Kadeteak ere gorako bidean
Bestalde, Kadeteek Euskadiko 4ko finala jokatu dute eta laugarren geratu dira. Espainiako Sektore fasea jokatuko dute Bartzelonan, maiatzaren 21, 22, 23 eta 24an. Zorionak, txapeldunei eta zelan ez Errotabarriren komunitatea osatzen duten guztiei!