Judash taldeak hasi eta Anestesiak itxiko du bihar Ermuko Vertigo Rock jaialdia

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 8a

Maiatzaren 9an, zapatua, rock, metal eta punk doinuz beteko dira Ermuko kale eta plazak Vertigo Rock jaialdiaren XIX. aldian. Kontzertu guztiak kalean egingo dira eta doakoak izango dira. Bideoan iazko jaialdiaren aftermovie-a; albiste bukaeran biharko ordutegia.

Eguerdian hasiko da egitaraua, jaialdiaren nortasuna zein den garbi utziko duten kaleko kontzertuekin. Komentukuan izango dira, baina, euria eginez gero, elizpera lekualdatuko dituzte. 

Eibarko Judash taldeak izango du XIX. aldia inauguratzeko pribilegioa. Legarreko estudioetan Walter Tuzzeorekin grabatu zuten disko izenkidea aurkeztuko dute euskal metal klasikoaren ondorengoek. Ostean, Errioxatik etorritako Kraken taldeak hartuko du kaleko eszenatokia. Talde gaztea den arren, ibilbide luzea dute Estatuko punk-rock jaialdietan, eta, orain, falta zitzaiena ezabatu ahalko dute zerrendatik: Ermuko Vertigo Rock. Bukatutakoan, tiketa eskuratu duten berrogei lagunek plazan bazkalduko dute, antolatzaileekin eta taldekideekin batera. 

Arratsaldean, Xabi Ciarsoloren omenez Martxoaren 8a plazan muntatutako eszenatokia estreinatuko du Bilboko Staff taldeak. Karteleko musikari gazteenak dira, eta 90eko hamarkadako grungearen zertzeladak dituzten doinuekin beteko dute plaza.

Ezinbesteak bultzatuta, bertan behera geratu da Dire End taldearen kontzertua. Haien ordez, Galathea taldea arituko da; berri ona screamo eta post-hardcore zaleentzat. Gainera, sorpresa eta kolaborazio bereziak iragarri dituzte euren emanaldian.

Cobra taldea hamar urte atzera izan zen Vertigo Rocken, eta, bost urteko isilunearen ostean, Ciarsolo eszenatokiko azken taldea izango da, azaroan kaleratutako Henko EPa aurkezten. Haien ostean, kaleko azken kontzertua emango du Konortek: hardcore eta metal erritmo gogorrez beteko du Zubiaurre kalea –euria bada, Euskaldun Berria plaza–. 

Gauean, plazako azken kontzertu-sorta irekiko du "rock militante beteranoz" osatutako Ermuko Gem taldeak, 70-80ko hamarkadetako banda mitikoen espiritua taularatuz. The Lizards power trioak Bartzelonako rocka ekarriko du Ermura, eta euskal eszenan rock alternatiboaren erreferente den Ezpalak taldeak plaza astinduko du. 

Azkenik, Zarauzko Anestesia taldeak itxiko du kartela. Antolatzaileek gogorarazi dute bigarren edizioan jo zutela, 2008an, eta "izerdi, pogo eta oihuz betetako gau ahaztezina" izan zela. XIX. aldi honetan, historia errepikatzea espero dute.

Kalean

• 12:30 Judash
• 13:30 Kraken

Orbe Kardinala plazan

• 14:30 Herri bazkaria

Martxoaren 8a plazan

• 16:55 Staff
• 17:55 Galathea
• 19:05 Cobra

Kalean

• 20:05 Konorte

Orbe Kardinala plazan

• 21:00 Gem
• 22:00 The Lizards
• 23:05 Ezpalak
• 00:30 Anestesia