Dantzan eta jaki tradizionalak dastatzen borobilduko dute Letra Galiziarren Astea

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 15a

Galiziar Kultur Etxeak antolatutako jaiak berrogei urte bete ditu. Urtero Galiziako literaturako pertsona bat omentzen dute, eta aurtengoa Begoña Caamaño kazetari eta idazlea izango da. Domekan hasi zen ospakizuna, baina ekintza gehienak asteburu honetan izango dira.

Goiko galerian, asteko jokoen irabazleak; albiste barruan, iazko ekintzen argazki-sorta. Argazkiak: Angel Gonzalez, Galiziar Kultur Etxea.

Hilaren 10ean, domekan, eman zioten hasiera Letra Galiziarren Jardunaldiei. Geroztik, txapelketa bat izan dute egunero: igel-toka izan zen lehena, tute eta mus karta-jokoekin hasi zuten astea, mahai-futbolarekin jarraitu, eta chavearekin bukatu zuten atzo. Hala ere, lehiak alde batera utzi eta arteari tokitxoa egiteko tartea ere hartu dute, eguazteneko umeen eskulan-tailerrarekin.

Asteko jokoen irabazleak
  • Igel-toka: Jose Benito Pepote
  • Tute: Matilde-Elias
  • Mus: Iñaki-Josetxu
  • Mahai-futbola: Ekain-Odei
  • Chavea: Javi

 

Egitarauko kultur ekintza nagusiak, ordea, astebururako laga dituzte. Gaur arratsaldean hasiko dituzte:

18:30ean, San Isidro kaleko olagarro-postua zabalduko dute, eta bestelako jaki tradizionalak dastatzeko aukera ere egongo da: haragi txigortua, txorizoa, txerri-belarria eta txerri-muturra, enpanadak… 19:00etan, banderaren igoera ekitaldia egingo dute udaletxean, eta, ostean, tabernaz taberna ibiliko dira, Eibarko Os Galaicos taldearen gaita-poteoan. Baina barikuko programa ez da egunarekin bukatuko. 23:00etan, ordu txikiak arte iraungo duen ikuskizuna hasiko du DJ Chek. Tartean, 01:00 aldera, ohiko queimada egingo dute San Isidro kalean bertan.

Zapatu eguerdian, Marina Gonzalez pregoilariak aurkeztuko du ofizialki Letra Galiziarren 40. aldia, Orbe Kardinala plazan. Ondoren, kantu eta dantza erakustaldiari ekingo diote, Txindurri Dantza Taldearen eta Extremadurako Zentroko zein Eibarko Galiziar Kultur Etxeko kideen parte-hartzearekin. 14:00etan, agintariekin batera egingo duten ohore-ardoaren ostean, Os Galaicos taldearen emanaldia egongo da San Isidron, dantza eta gaita erakustaldiekin. Bukatutakoan, Urrezko Intsignia emango diote bazkideetako bati, urte luzez Galiziar Kultur Etxeari erakutsitako konpromiso eta dedikazioagatik. Gaua Pontevedrako Alabama orkestrak girotuko du, plazan. Bi txandatan arituko dira: 19:00etatik 22:00etara eta 23:30etik 02:00etara. Baina ordu eta erdiko atsedenaldi horretan musikak ez du etenik izango: Ermuko Begibide taldea igoko da taula gainera, erromeria kantu zahar zein berriekin plaza dantzan ipintzera.

Domeka eguerdian, Kultur Etxeko bazkide eta laguntzaileentzako ohore-ardoa egingo dute; eta, 12:30etik 14:00etara, Alabama orkestraren bermut-saioarekin agurtuko dituzte aurtengo jardunaldiak. Era berean, antolatzaileek gogoratu dute asteburu osoan txikienentzako barrakak egongo direla Okin Zurin.

Segidan, iazko jardunaldien argazki-sorta: