Lauko Ermuko Errotabarrik Galizian eman zuen aurreko asteburua, Zilarrezko Ohorezko Maila utzi eta Urrezkora igotzeko fasean. Hiru partida zituzten, eta, ligan bezala, matematikoki txapeldun bihurtu ziren bigarren jardunaldian. Hala ere, lehiatu beharreko partidak izan ziren: lehen hitzordua Sevillako Helvetia Montequintoren kontra izan zuten, eta 31-28 gailendu ziren; bigarrena ere bi goleko aldearekin irabazi zuten, Valentziako Marni Rosvalen kontra, 22-20; eta hirugarrena 25-25 berdindu zuten, etxean jokatzen zuen Helvetia Saeplast Cañiza aurkari. Pozik eta hunkituta ospatu zuten igoera, ebakuntza batengatik Galiziara joan ez zen Mara Fernandez taldekidea eta lorpen hori ikustera ailegatu ez diren guztiak gogoan.
Aldi berean, Erreginaren Kopa jokatu zuen Super Amara Bera Berak, etxean. Ermuko zaleak finalaurrekoetan joan ziren Donostiara, eta taldea 25-23 gailentzen ikusi zuten, Elda Prestigio valentziarren kontrako partida lehiatuan. Finalean, Galiziako Mecalia Atletico Guardes izan zuten aurkari, eta 26-21 nagusitu ziren. Horrela, hamargarren Erreginaren Kopa irabazi zuen Bera Berak, laugarrena jarraian. Partida aurretik omenaldia egin zioten denboraldi honetan taldearen gidaritza utziko duen Imanol Alvarez ermuarrari; eta, garaipenarekin, amaiera borobila eman zion lehen taldearen entrenatzaile ibilbideari. Anne Erauskin ermuarra kapitain izan da denboraldi honetan, Maitane Etxeberriarekin batera, eta biek batera altxatu zuten kopa.
Harrobia ere, sendo
Egui Errotabarriko gazte mailako taldea Espainiako Top-8 txapelketan lehiatzen ari da, eguaztenetik domekara, Valentzian; Apalategui Errotabarriko kadeteek Espainiako Sektore Fasea jokatuko dute datorren astean, eguenetik domekara, Bartzelonan.
Klubak gogorarazi du harrobia txiki-txikitatik hazi eta hezi behar dela, eta domeka honetan, maiatzak 17, eskubaloi eskolako azken hitzordura batzeko aukera dutela 2018 eta 2019. urteetan jaiotako umeek.