Maskaradak berrasmatuko dituzte Txindurrikoek, 'Antifazak' ikuskizunarekin

Ander Gomez 2026ko ekainaren 5a

Txindurriko kideak, iazko Txindurri Egunean dantzatu zuten Kukai konpainiako lagunekin batera. Argazkia: Txindurri.

Gaur iluntzean hasi eta domekara bitartean, bere eguna ospatuko du Txindurri Txistu eta Dantza Taldeak. Agindu dutenez, tradizioa eta modernitatea uztartuko dituen jai-proposamen "desberdin bezain dibertigarria" eskainiko dute aurten. 

Gaur, barikua, ekitaldi bakarra egongo da: 20:00etan hasiko den elektrotxaranga. Iaz izan zuten arrakastaren ondoren, aurten ere Patxangoi elgoibartarrek berotuko dute jaia.

Patxangoi elektrotxarangak jendez bete zuen plaza iaz. Argazkia: Txindurri.

Zuberoan Maskaradak, Ermuan 'Antifazak'

Biharko, zapatua, maskaradetan oinarritutako eguna antolatu dute Txindurrikoek. "Asko gustatzen zaigun tradizioa da eta sarritan joan gara Zuberoara ikustera", diote. "Orain, Ermura ekartzea erabaki dugu". Hori bai, azpimarratu dute ez direla maskarada arruntak izango: "Buelta bat eman nahi izan diogu, eta guk ulertzen ditugun bezala antzeztu". Maskaradak bere horretan ez egitearen arrazoien artean nabarmendu dute, alde batetik, baliabide falta: "Beharko genituzke entsegu gehiago, baliabide gehiago, urte gehiago... pausoak prestatzen denbora pila daramagun arren"; eta, bestetik, ideia berriak gauzatzeko duten pasioa: "Saltsero hutsak gara eta asko gustatzen zaigu horrelako ekitaldi bereziak antolatzea".

Iazko Santixauetarako prestatu zuten 'ezkontzaren' ostean. Argazkia: Ane Odriozola.

Hala, goizeko barrikadekin hasiko dute eguna, 12:30ean. Zuberoan auzoz auzo joaten dira, eta, dantza egin ostean, mokadutxoa eta edariak eskaintzen dizkiete baserritarrek. Txindurrikoek, ordea, Ermuko kaleetan egingo dute ibilbidea, eta, herriko kolektiboen laguntzarekin, bidean bi geldialdi egingo dituzte: batean Gazte Asanbladako kideak egongo dira, eta Euskal Birusa Elkartekoak bestean.

Arratsaldean, ofizioak aurkezteko ikuskizuna egingo dute, baina zehaztu dute hori ere "Txindurriren erara" izango dela. "Norbaitek ikuskizun tradizionala ikusi nahi badu, hau ez da harentzako; horregatik deitu diogu Antifazak". Hala ere, herritar guztiak animatu dituzte "lan handia eginaz" prestatu duten ekitaldia ikustera, 19:00etan, plazan: "Antzerki eta dantza ikuskizuna izango da, kritika sozial apur batekin, tradizioa eta modernitatea uztartuko dituena... Zerbait desberdina ikusi nahi duenarentzat dibertigarria benetan".

Ondoren, txosna zabalduko dute plazan eta musika emanaldiak hasiko dira. 20:00etan, Begibide erromeria-taldea igoko da taula gainera, eta, 23:00etan hasita, DJ Galtzagorriko lagunek girotuko dute gaua, 02:00ak arte.

Klasikoak azken egunean

Domekako programak aurreko urteetako ohiko ekitaldiak jasoko ditu. 11:00etan, Txindurriko umeak kalejiran aterako dira, eta, ostean, alardea egingo dute plazan. 14:00etan, txartela erosi duten 140 herritarrek paella-janaz gozatuko dute. Bukatzeko, azken hiru urteetan Txindurri Egunaren jaiaren bukaeran izan den Kittu taldea igoko da plazako eszenatokira, arratsaldeko bostetan.

Argazkia: Pedro Elizondo.