Urtarrilean hasi zuen 75. urteurreneko egitaraua, beteranoen arteko txapelketarekin eta ereserkiaren eta kamiseta retroen aurkezpenarekin. Tartean, Monroe Txapelketa eta denboraldiko azken partida izan dira, eta jarduera ugari antolatu dituzte. Ospakizun nagusia, ordea, asteburu honetakoa izango da.
Bihar, zapatua, ekitaldi berezia egingo dute Ermua Antzokian, 11:00etan. Klubaren historia laburbiltzen duen eta presidente, entrenatzaile eta jokalari ohien testigantzak jasotzen dituen dokumentala proiektatuko dute. Egungo presidenteak –Aitor Alvarez– zuzendu du, Ion Alcobarekin batera. Ekaitz Manteconek egin ditu elkarrizketak, eta grabaketan Gexan Mendizabal, Alberto Diaz eta Asier Garcia aritu dira. Hilabeteak eman dituzte pieza ekoizten, eta, Alvarezek esplikatu duenez, "dirua ere kostatu da, baina gauza onak ordaindu egin behar dira, bai diruz, bai denboraz".

Celestino Urquijo presidente eta jokari ohia, dokumentaleko elkarrizketa egiten.
Proiekzioaren aurretik bertso batzuk kantatuko dituzte, eta, ostean, omenaldia egingo diete klubaren parte izan diren 75 urtetik gorako 55 kideri. Klubak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira, baina gogorarazi du antzokiak 515 lagunentzako edukiera duela eta gerora ere dokumentala sareetan eta webgunean jarriko dutela ikusgai.
Antzokitik ateratakoan, Irulitxa txaranga izango dute zain, eta bazkalordura arteko orduak girotuko ditu, kalejiran. 15:00etan, herri-bazkaria egingo dute, eta berrehun lagun elkartuko dira plazako frontoian egongo den karpan. Alvarezek azaldu duenez, elkarri anekdotak kontatzeko momentu hunkigarria izango da: "Ermua CD eraikitzen lagundu duten kide asko elkartuko dira bazkari horretan, horietako asko adinekoak eta urteak eta urteak elkar ikusi gabe eman dutenak". 18:00etan, Dantzatzeko Prest kolektiboko Paco Sanchez DJa jarriko da nahaste-mahaiaren atzean, festa berandura arte luzatzeko prest.
Eskola Eguna ospatuko da gaur
Egun nagusia zapatukoa izan arren, ospakizuna bezperan hasiko da; eta, atzera begirakoa baino gehiago, etorkizunera begirakoa izango da. Gaur arratsaldean, egitarau berezia izango dute Ermua CDren futbol eskolako neska-mutilek. 17:30etik 19:30era, aurrebenjamin eta alebin kategorien arteko jokalarien areto futbol txapelketa egingo dute San Pelayo parkean. Bi orduko lehia bukatzen denean, bi orduko DJ festa hasiko dute, Dantzatzeko Presten eskutik. Tartean, 20:30ean, txosna zabalduko dute, eta txapelketan parte hartu duten jokalariei ogitartekoak banatuko dizkiete.

Ermua CD kanpuseko umeak ahalegin betean.
Antolatzaileek "urduri eta, aldi berean, irrikaz" espero dute ospakizuna: "Lan handia izan da, ekintza asko daude, baina dena ondo ateratzea eta, batez ere, herritarrek disfrutatzea espero dugu".