Gaur, 19:00etan, Sallabenteko jaietako pintxo lehiaketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute bertako tabernek: Salmantino, Niza, Itxaso, Zugaitz eta auzora lekualdatu berri den Amatxi. Hala ere, Jai Batzordeak lehiaketatik kanpo dauden gainontzeko tabernetako pintxo eskaintza ere probatzeko gonbita egin du. Aurretik, 18:00etan, umeentzako jolasak izango dira eskolako jolastokian, Inguru Abenturaren eskutik. Bukatutakoan, auzotarrek prestatutako mokadutxoa izango dute parte-hartzaile guztiek.
Barikuan hasiko den Erdi Aroko azokak erakarriko ditu bisitari gehien
Bihar, Sallabenteko jaietako egitarautik bisitari gehien erakartzen dituen ekitaldia ailegatuko da: Erdi Aroko azoka. Asteburu osoa geratuko da, eta Gipuzkoa etorbidea ia osorik hartuko du. Postuetan artisautza-piezak, gozoak, sendabelarrak, xaboiak, arropa eta bestelako apaingarriak salduko dituzte. Gainera, aurtengo egitaraua iragartzeko irudia San Lorenzo eskolako ikasleen artean egindako kartel-lehiaketaren bidez aukeratu dute, eta, irabazleenaz gain, parte hartu duten 200 umeen marrazkiak zintzilikatuko dituzte jolastokian. Hauekin batera, auzoko irudi zaharrekin osatutako 50 argazkiko bilduma ere jarriko da bertan.
17:00etatik 21:00etara, umeentzako puzgarriak izango dira eskolako jolastokian. Nagusiek, berriz, Os Galaicos taldearen gaita-poteoaz gozatzeko aukera izango dute tabernaz taberna. 19:30ean, buruhandiak aterako dira kalera, eta Movida Promovida diskoteka ibiltariak itxiko du eguna. Lehenengo saioa umeentzat izango da, eta gauean nagusientzako musika jarriko dute, 03:00rak arte.
Futboleko mundiala jokatzen ari dela kontuan hartuta, azken orduko ekintza gehitu dute: 21:00etatik 23:00etara Espainia-Belgika partida proiektatuko dute jolastokian jarritako pantaila erraldoian.
Musika izango da protagonista zapatuan
Zapatuan, 11:00etan, Erdi Aroko azoka berriro irekiko dute. 12:30ean, bermut berezia egingo dute, 80ko hamarkadako jantziekin mozorrotuta, eta otarrainxka-dastaketa egongo da guztientzat. 18:00etan, kalejira egingo du Irulitxak, eta, ondoren, sardina- eta saiheski-jana izango da. 23:00etan, azoka itxiko dute, eta Phoenix Gira Fortuna orkestrak eskolako oholtza hartuko du; 03:00rak arte dantzaldia egingo du. Tartean, atsedenaldian, Bingo handia egingo dute. Irabazleak herriko denden produktuz osatutako otarra jasoko du, 200 euroko balioa duena.
Ekintza-sorta handiena domekarako laga dute
Erdi Aroko azokaren azken eguna izango da domeka. Saltzaileek toldoak altxatu ostean, 11:30ean, batukada feminista egingo dute Andrajozak, Sorginkada eta Basfemband taldeek. Eguerdian, umeentzako igel txapelketa egongo da, eta paella lehiaketa lehiaketa egingo da lehen aldiz 2019tik. 13:00etan, auzotar bat omenduko dute, eta umeentzako apar-festa hasiko da. 13:30ean, postre lehiaketaren bigarren aldia egingo da eta nagusientzako igel txapelketa izango dira.
Arratsaldean, sardina- eta saiheski-jana errepikatuko dute, eta Hirugarren adinekoen mokadua izango dute, urdaiazpiko, txorizo, gazta eta bestelako jakiekin. 19:30ean, Ermuko Versionarios taldeak kontzertua emango du; 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako gaztelaniazko pop-rock kantu ezagunak joko ditu. Jaiak Erdi Aroko azokarekin batera amaituko dira, 22:00etan. Hauxe diote Jai Batzordeko kideek: "Azokak agur esango digu, baina hurrengo urtera arte bakarrik".